Tenperatura altuagoetara egokitzen ari gara?
Tenperaturen igoerak zuzenean eragin diezaioke gure osasunari. Hori ondorioztatu du The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batek: Europan, azken hamarkadan, beroaldiek nabarmen egin dute gora, bikoizteraino; % 57 hazi dira.
Carlos III.a Osasun Institutuak egindako azterlan baten arabera, Espainiako beroaren ondoriozko hilkortasuna igo egingo da: gaur egun urtean 1.300 heriotza izatetik mendearen amaieran 13.000 izatera igaroko da.
Hala ere, Klima Aldaketa, Osasun eta Hiri Ingurumeneko Erreferentzia Unitateko ikertzaileen arabera, tenperatura altuek gero eta eragin txikiagoa dute hilkortasunean. Miguel Angel Navas Martin, Cristina Linares Gil eta Julio Diazen arabera, ezin da ondorioztatu heriotza-tasa etengabe igoko denik, gure gorputza tenperatura altuagoetara egokitzen ari delako.
Nola hiltzen du beroak?
Tenperatura altuek eragindako heriotza gehienak ez dira izaten bero kolpe baten ondorio. Hori kasu gutxi batzuetan bakarrik gertatzen da. Ohikoena arnasketa arazoak, kardiobaskularrak edo neurologikoak dituzten pertsonen sintomak larriagotzea da.
Jon Irazusta Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologia katedradunak beroak gure gorputzari nola eragiten dion azaldu digu, heriotza eragiteraino.
Testuinguru horretan, badago tenperatura bat, beti epela, non heriotza-kopurua gutxienekoa den. "Tenperaturak muturrekoak direnean, hotzak zein beroak, hilkortasuna handiagoa izaten da. Aldiz, tenperaturak epeltzen doazen heinean, hilkortasuna murriztu egiten da. Iristen da puntu bat, tenperatura epeletan, non heriotza gutxien dagoen", azaldu du Irazustak.
Horri deitzen zaio hilkortasun minimoko tenperatura. Geografiaren arabera aldatzen doa. Madrilen, adibidez, 30 ºC-koa da. Tenperaturak hortik gora egin ahala, hilkortasunak ere gora egiten du, eta 36 ºC-tik aurrera, heriotza-kopurua izugarri igotzen da.
Irazustak zehaztu duenez, tenperaturaren datua ezin da berez ulertu, hezetasunak ere berebiziko garrantzia duelako gure gorputzean. Heriotza gutxiagoko tenperatura hori herrialdez herrialde aldatzeko arrazoietako bat izan daiteke. Andaluzian askoz altuagoa da, eta Mediterraneoan, baxuagoa, Navas, Linares eta Diazen datuen arabera. "Oro har, eremu beroagoetan, Ekuadorretik gertu, hilkortasun minimoko tenperatura altuagoa izaten da", azaldu du EHUko katedradunak. Hau da, tenperatura beroagoak diren lekuetan, tenperatura handiagoa behar da heriotza-kopurua igo dadin.
Carlos III.a Osasun Institutuko ikertzaileen hitzetan, hilkortasun minimoko tenperatura igotzen ari da. Izan ere, gure gorputzak berora egokitzeko gaitasuna du. The Lanceten ikerketaren abisuak gorabehera, eta tenperaturak gora egin arren, zenbait ikerketek diote heriotza-tasa ez dela erritmo berean igotzen ari.
Eliteko kirolean beroari hobeto aurre egiteko entrenamendu espezifikoak egiten diren bezala, edozein gizakik ere, tenperatura altuen eraginpean egonda hobeto egingo die aurre etorkizunean. Fisiologia katedradunak azaldu digu gizakiak tenperatura altuetara egokitzeko gaitasun fisikoa duela.
Giza gorputza mundu beroaren aurrean
Navas Martin, Linares Gil eta Diaz ikertzaileek oso datu adierazgarria eman dute beren azterketan: Espainiako eguneko tenperatura maximoak 0,41 ºC igo dira hamarkada bakoitzeko, eta hilkortasun minimoko tenperatura azkarrago igo da, 0,64 ºC hamarkada bakoitzeko. Ondorioa argia da: tenperatura altuagoetara egokitzen ari gara.
Hala ere, datu orokor hori, Estatu osokoa, lekuz leku aldatzen da. Toki batzuetan egokitzen ari dira; beste batzuetan, aldiz, hilkortasun minimoko tenperatura jaitsi egin da, eta, beraz, tenperatura baxuagoa behar da hiltzeko. Faktoreak askotarikoak izan daitezke: leku batek jasaten dituen tenperatura altuko egunen kopurua, leku horretan dauden etxebizitza motak edota biztanleriaren errenta, kasu.
Oraindik bidea dago ikertzeko, gure gorputzak tenperatura altuagoko eszenatoki batera egokitzea lortuko duen jakin arte, hotzak ere hiltzen duela ahaztu gabe.
Zure interesekoa izan daiteke
Gipuzkoako hainbat garajetan eta trastelekutan ustez lapurretak egin dituen gaizkile talde bat desegin dute
Batez ere, Goierri inguruan egin dituzte lapurretak. Ertzaintzak dei egin die lapurreta horien biktima izan diren herritarrei, Beasaingo komisariara joan daitezen, euren objektuak han dauden egiaztatzera.
Ia 30 graduko tenperaturarekin, uda itxura hartu du Pazko Astelehenak
Ezohiko itxura hartu du Pazko Astelehenak. Eguraldi beroak, hondartzak eta kaleak jendez gainezka utzi ditu. Hotelen betetze-maila % 80-90 ingurukoa izan da Aste Santuan.
Gasteizek lotura zuzena izango du Kanaria Handiarekin ekainaren 15etik irailaren amaiera arte
VIA sozietatearen esleipena lortu ondoren, Binter airelineak astelehen eta ostegunetan jardungo du Forondan. Ibilbide horri esker, Kanarietako artxipelagoko beste aireportuekin lotura egin ahal izango da, bai eta Portugalgo eta Afrika mendebaldeko beste aireportu batzuekin ere.
Hiru pertsona zauritu dira Berangon, lau autok elkar jo ostean
Zauritutako lagunak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte, eta auto-ilarak sortu dira istripua gertatu den lekuan. 14:00etarako, baina, bere onera itzuli da zirkulazioa.
Gizon bat atxilotu dute Berrizen emaztea labankadaz larri zauritzeagatik
Gertatutakoa salatzeko, Berrizko Mugimendu Feministak manifestazio zaratatsua deitu du biharko, arratsaldeko 18:30ean, Udaletxe paretik abiatuta.
Aske geratu dira Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Asteburuan epailearen aurretik igaro ostean, guztiak utzi dituzte libre, azken biak igandean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Eusko Jaurlaritzak 'Ttipi Ttapa' gida aurkeztu du, oinez egitea osasun eta kohesio sozialerako tresna bihurtzeko
Osasun Sailak udalerrien eskura jarri du jarduera fisikoa eta harreman sozialak sustatzeko gida praktikoa. Ekimenak ongizate fisiko eta emozionala hobetzea eta komunitateak indartzea du helburu.
Trafiko gorabeherak gaur Bilbon, Itzulia Basque Country lasterketa dela eta
Lasterketaren lehen etapak, Bilbon hasi eta amaituko den 13,9 kilometroko erlojupekoak, trafiko etenak, aparkaleku murrizketak eta garraio publikoan aldaketak eragingo ditu.
Picassoren margolan bat, 100 euroren truke: Alzheimerraren ikerketa finantzatzeko ekimena
Tête de femme (1941) Pablo Picassoren lan original honen zozketa apirilaren 14an egingo da, Parisen, eta oraindik milaka partaidetza daude saltzeko. Ekimen solidario honek mundu osoko parte-hartzaileak erakarri ditu.
Epailearen esku utzi dituzte Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Ostegunean jazo zen erasoa, 18:30 aldera, bost gizonek adin txikikoa sastatu eta ibilgailu batean ihes egin zutenean. Atxilotuek 19 eta 21 urte bitartean dituzte, baina ikerketak zabalik jarraitzen du.