Muturreko kalteberatasunean dauden 10.000 pertsonari premiazko laguntza emango die Jaurlaritzak
Muturreko kalteberatasun egoeran dauden 10.000 bat pertsonari premiazko laguntza emango die Eusko Jaurlaritzak, haien oinarrizko premiei aurre egitea xede. Ostiralean Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztutako programaren helburua da 2.500 bat familiari elikagaietara edo higiene pertsonalerako produktuetara jotzeko aukera bermatzea. Laguntzak 150-300 euro artekoak izango dira, urtean gehienez hiru aldiz emango dituzte, eta txanpon txartelen eta aplikazio mugikor baten bidez bideratuko dituzte.
Testuinguru horretan, Gasteizen, sailburuak xehetasunak eman ditu, muturreko kalteberatasun egoeretan dauden pertsona eta familien oinarrizko beharrei premiazko arreta emateko programa berriaren gainean. Hitzartuz programaren barruan, Jaurlaritzak, prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, ekimen horretarako, 2,5 milioi euroko aurrekontu partida du. Sailburuak adierazi du asmoa dela "10.000 bat pertsonarengana iristea, EAEko hiru lurralde historikoetan, alegia, 2.500 bat familiarengana. Haiei funtsezko ondasun eta zerbitzuetara jotzeko aukera bermatu ahalko diegu".
Kasu bakoitzarekin lotuta egingo duten banakako balioespenaren eta bizikidetza unitatea eratzen duen kide kopuruaren arabera, zenbatekoak 150 euro eta 300 euro artekoak izango dira, kide bateko familia unitateetarako eta lau kideko edo gehiagoko familia unitateetarako, hurrenez hurren. Gehienez, hiru entrega egingo dituzte urtean, kalteberatasun larriko kasuetan izan ezik; horiek behar bezala aztertuko dituzte, zehaztu du Jaurlaritzak.
EAEko Gurutze Gorriak du, urtarrilaren 1etik, laguntza horien eskaera, eskakizunen berrikuspena eta izapidetzea koordinatzeko ardura, edozein lurralde ordezkaritzatan. Aitor Allende koordinatzaile autonomikoak azaldu duenez, eskatzaileen eskaerak identifikatu ondoren, "kasu bakoitzaren balorazioa egingo da, eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu, esku hartzeko plan pertsonalizatua diseinatu aurretik". Zehaztu du "laguntza hauen hartzaileak" izango direla diru sarrerak nuluak edo eskasak izateagatik beren beharrak betetzeko zailtasunak dituzten pertsonak edo familiak, jatorriaren arabera inolako bereizketarik egin gabe, baldin eta baldintzak betetzen badituzte; diru sarrerarik ez duten familiek lehentasuna izango dute, eta beste egoera batzuk baloratuko dira, hala nola familia kargak, karga ekonomikoak (zorrak, alokairuak…) eta salbuespenezko egoerak".
Txanpon txartelak, eta aplikazio mugikorra
Laguntzak funtsezko beharrak premiaz asetzera bideratuko dituzte; besteak beste, elikadura egokia edo higiene pertsonalerako produktuak eskuratzeko bide izatea. Hala, laguntza horiek bi bide konbinagarriren bitartez banatuko dituzte: alde batetik, txanpon txartel batzuk banatuko dituzte, eta haiek Eroski, Mercadona eta Carrefour supermerkatuetan eta hurbileko saltoki txikietan erabili ahalko dituzte; bestetik, laguntzak, era berean, aplikazio mugikor baten bidez bideratuko dira. Aplikazio horren bitartez, hartzaileek eskuratu ahalko dituzte saltokiek egunean zehar saldu ez dituzten eta egoera bikainean dauden elikagaiak, jatorrizko prezioaren gaineko % 70era arteko beherapenarekin.
Txanpon txartelekin, eta, batik bat, laguntzak Encantado de comerte aplikazioaren bidez (hartan, hartzaileak programatik kanpoko pertsonekin izango dira) "edozein estigmatizazio arrisku" saihestuko dute, Beatriz Artolazabalek esan duenez.
Laguntza-programak "arreta berezia jarriko du adingabeak edo muturreko kaltebera egoeran eta bakarrik dauden pertsonak bizilagun dituzten etxeetan, baina ez du ahaztuko, bestalde, emakumeek adin talde guztietan eta adinekoek jasan ohi dituzten pobrezia eta bazterkeria arrisku handia". Programa honek, halaber, xede du kontsumo ohiturak hobetzea, ura edo energia kontsumitzeak dakarren gizarte eta ingurumen inpaktuaren inguruan kontzientziatzea, ingurumeneko ohitura onak geureganatzea edo elikadura eta nutrizio hezkuntza hobetzen laguntzea.
Ahalduntzea
Programa honek ikuspegi pedagogikoa ere badu, nahiz eta ekimen honen helburu nagusia oinarrizko beharrei premiazko erantzuna ematea den.
Artolazabalen hitzetan, "helburua da hartzaileekin batera lan egitea premia biziko ondasun eta zerbitzuetara sarbidea izatea eragozten duten egoerak eraldatzeko, gaitasunak garatzeko eta, larrialdiko oinarrizko erantzunak eskaintzeko ez ezik, denboran iraun dezaketen irtenbideak lortzeko aukera ere ematen duten aldaketa sakonak bilatzeko".
Eusko Jaurlaritzak honako ezaugarri hauek dituen ereduaren aldeko apustua egiten du, Artolazabalek ondorioztatu duenez: "pertsonak edozein esku hartzeren erdigunean jartzen ditu; hartzaileak haien aldaketa prozesuaren buru izateko aukera izan dezaten sustatzen du eta, horretarako, haien autonomia bultzatu eta inklusiorako bidean behar diren laguntza, orientazioa, bitartekaritza eta laguntza ematen die".
Zure interesekoa izan daiteke
Hego Euskal Herriko garaiak Kultura Ondare ez-materiala dira jada
Espainiako Gobernuak errege-dekretu batean aitortu du Iberiar Penintsulako iparraldeko garaien balio sinbolikoa eta soziala. Deklarazioak eraikuntza tradizional horien kontserbazioa bermatzen lagunduko du; izan ere, mantentze ezak, homogeneizazioak eta belaunaldien arteko aldeak arriskuan jartzen dituzte.
21 urteko mutil bat hil da Nafarroan, nitazenoa kontsumitu ondoren
2024ko abuztuan hil zen, eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak orain egiaztatu du nitazenoek eragindako heriotza izan zela. Opioide sintetiko horri lotutako lehen heriotza da Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean.
El Bocaleko pasaguneko ezbeharra gertatu aurretik, Poliziak 112ra deitzeko protokolorik zuen ala ez ikertzen ari da epailea
Agintariak, agenteak eta teknikariak deituko ditu deklaratzera, eta ikerketa-lerro bat abiatu du, materialen eta pasabidearen mantentze-lanen inguruan.
Erreskate ugari izan dira Aste Santuan euskal kostaldean
Jai egunak lausotzetik gertu izan diren egoerak bizi izan dira egunotan, eta erreskate ugari egin behar izan dira itsasoan, bai marearen igoerak ezustean harrapatu dituen pertsonenak, bai korronteek arrastan eramandako edo olatuek harrapatutako pertsonenak. Zorionez, ez da biktimarik izan.
25 eta 28 urteko bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideari eta bikotekide ohiari eraso egitea egotzita
Gasteizko Udaltzaingoak pasa den ostegunean eta ostiralean egin zituen atxiloketak, astearte honetan jakitera eman duenez.
Martinezek esan du garrantzi handikoa dela ohitura osasungarriak izatea, osasunari eragiten dioten faktoreen % 50 baitira
Osasun sailburuak ariketa fisikoa egitera, elikadura zaintzera eta alkohol eta kalamu kontsumoa murriztera animatu ditu herritarrak, Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta.
Mugikorrak alboratu eta familiaz gozatzeko gonbita, apirilaren 18an, EAEko hiriburuetan
Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Mugikorrik Gabeko Eguna Familian izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Familia inguruan teknologiaren erabilera kontzienteagoa sustatzea du helburu egitasmoak. “Ongizate emozionala zaintzeko eta senideekin egotearen balioa berreskuratzeko keinu txiki” gisa aurkeztu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Bizkaitik Nafarroara droga eramaten zuen gaizkile sare bat desegin dute: lau lagun atxilotu eta 22 kilo speed atzeman dituzte
Ortuellako etxebizitza batetik Nafarroara banatzen zen, eta droga 76 urteko gizon batek garraiatzen zuen.
Manifestazioa deitu dute arratsalderako Berrizen, asteleheneko eraso matxista larria salatzeko
48 urteko gizonezkoa emaztea hiltzen saiatu zen Berrizen, eta emakumea helikopteroz eraman zuten Gurutzetako Ospitalera. Atxilotuak polizia-etxean jarraitzen du, epailearen aurrean deklaratzeko zain. Bestalde, Berangoko Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Amaiaren hilketa salatzeko. Apirilaren 1ean bikotekideak hil omen zuen, Basaurin, baina berangoztarra zen.
Gipuzkoako hainbat garajetan eta trastelekutan ustez lapurretak egin dituen gaizkile talde bat desegin dute
Batez ere, Goierri inguruan egin dituzte lapurretak. Ertzaintzak dei egin die lapurreta horien biktima izan diren herritarrei, Beasaingo komisariara joan daitezen, euren objektuak han dauden egiaztatzera.