Manifestazioa deitu dute arratsalderako Berrizen, asteleheneko eraso matxista larria salatzeko
48 urteko gizonezkoa emaztea hiltzen saiatu zen Berrizen, eta emakumea helikopteroz eraman zuten Gurutzetako Ospitalera. Atxilotuak polizia-etxean jarraitzen du, epailearen aurrean deklaratzeko zain. Bestalde, Berangoko Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Amaiaren hilketa salatzeko. Apirilaren 1ean bikotekideak hil omen zuen, Basaurin, baina berangoztarra zen.
Berrizko Mugimendu Feministak manifestazio zaratatsua deitu arratsalderako, astelehenean herrian izandako eraso matxista larria salatzeko.
Manifestazioa 18:30ean abiatuko da, Udaletxe paretik, eta herritar guztiak deitu dituzte protestan parte hartzera, Berrizko Mugimendu Feministak esan duenez, funtsezkoa delako "komunitate gisa erantzun irmo eta bateratua ematea".
Ohar batean, Berrizko Mugimendu Feministak gogor salatu du erasoa, eta bere mina, haserrea eta amorrua adierazi ditu, halako gertakariek ez dutelako etenik. "Gogor salatzen dugu indarkeria matxistaren adierazpen hau. Min ematen digu eta amorrua sortzen digu halako eraso larriak oraindik gertatzen jarraitzeak. Ez dugu onartzen, ezta onartuko ere, emakumeen aurkako indarkeriaren inolako adierazpenik", azaldu du taldeak.
Bien bitartean, emaztea labankadaz hiltzen saiatzea egotzita Berrizen atxilotutako gizonak ertzain-etxean jarraitzen du, epailearen aurretik noiz igaroko zain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Hilketa saiakera atzo goizean gertatu zen, 07:20ak aldera. Ertzaintzak telefono deia jaso zuen, Berrizko etxebizitza batean emakume bat sastatzen ari zirela ohartarazteo. Bikotearen lau seme-alabek eta bizilagun batek lortu zuten erasoa geldiaraztea.
Patruilak iritsi zirenean, biktima, 38 urtekoa, larri zegoen, etxebizitza barruan, eta arma zuriz egindako hainbat zauri zituen. Halaber, biktimaren alabetako bat, 15 urteko adingabea, arin zauritu zuen aitak.
Gizonezkoa, 48 urtekoa, kalean atxilotu zuen Ertzaintzak, hilketa saiakera egotzita.
Elkarretaratzea Berangon, Amaiaren hilketa salatzeko
Bestalde, Berangoko Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Amaiaren hilketa salatzeko. Apirilaren 1ean bikotekideak hil omen zuen, Basaurin, baina sortzez Berangokoa zen.
Pasa den larunbatean, Bilboko Guardiako Epaitegiak baldintzapean aske utzi zuen bikotekidearen heriotzarekin zerikusia zuelakoan atxilotutako gizona.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera