Azken bost urtean ia % 50 igo da Donostiako plaza turistikoen kopurua
Donostiak gero eta hotel, pentsio, etxebizitza turistiko eta lo egiteko aukera gehiago eskaintzen die bisitan datozen turistei. Horregatik, Udalak erabilera turistikoko etxebizitzak irekitzeko baimenak emateari uztea erabaki du, behin behinean.
Gipuzkoako hiriburuan, guztira, 162 hotel eta pentsio daude, orain dela bost urte baino 30 gehiago (% 25eko igoera). Horietan 3.825 gela eskaintzen dira, 2017an baino 988 gehiago (% 36ko hazkundea). Hurrengo hiru urteetan beste bosten bat handitzea aurreikusten da.
Erabilera turistikoko etxebizitzei dagokienez, gaur egun 1.352 daude erregistratuta. Horiek 5.700 plaza inguru eskaintzen dituzte. Udalaren arabera, hazkunde handia izan dute azken hamarkadan.
Establezimenduen gorakada bisitari kopuruaren hazkundearekin bat gertatu da, zeinek zeini eragiten dion jakin ahal izan gabe. 2019tik % 16 igo da Donostiara datozen turisten kopurua: 862.872 hartu zituen 2022an.
Horiek 1.747.541 gau eman zituzten Donostiako geletan, 2019an baino % 14 gehiago.