Indarkeria matxistaren kontrako oihu ozena Orion: "Emakume izateagatik hiltzen gaitu sistema honek"
"Minaren aurrean herria familiekin", "Askeak izan nahi dugu", "Erasorik ez erantzunik gabe" eta "Lourdes, gogoan zaitugu". Goiburu horiek hartuta, ehunka herritar bildu dira Orioko plazan, atzo izandako hilketa matxista salatzeko. Orioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bat egin dute Orioko Mugimendu Feministak deitutako protestarekin.
Ordu erdiko bilkura isil baten ondotik, Mugimendu Feministako kideek hartu dute hitza. Negarrari eutsi ezinda, gogor salatu dute emakumeen kontrako indarkeria, egiturazko indarkeria dela esanez. "Emakume izateagatik hiltzen gaitu sistema honek", esan dute.
Lourdes del Hoyoren hilketak biktima asko uzten dituela nabarmendu dute, eta horrek "erreparazio lan handia" eskatzen duela. Horrenbestez, arduraz jokatzeko eskatu diete erakundeei zein herri osoari. Halaber, berriro gaitzetsi dute hainbat hedabideren jokabidea zabaldu dituzten irudiengatik.
Azkenik, indarkeria matxista agenda politikoaren erdigunean jartzea eskatu dute, arduradun politikoei erantzukizunak eskatzearekin batera. Txalo zaparrada batekin amaitu dute protesta.
Hiru dolu egun
Orioko Udala osatzen duten talde guztiek adierazpen instituzionala adostu dute aho batez, goizean. Elkartasuna agertu diete biktimaren senitartekoei, baina baita hiltzailearen familiari ere, eta "arduraz eta errespetuz" jokatzeko deia egin dute, sare sozialetan "irudi desegokiak" zabaldu baitira. Hiru dolu egun ezarri ditu Udalak.
Atzo arratsaldean izan zen hilketa, Arrantzale kaleko haurrentzako parke baten ondoan. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu duenez, bikotekide ohiak tiro egin zion Del Hoyori, "bete-betean eta aurrez aurre zuela, eta gero bere buruaz beste egin zuen". Eskopeta bat manipulatu zuen emakumea hiltzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoan 2023an indarkeria matxistaren ondorioz hildako lehen biktima da Orioko bizilaguna.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak