Tourreko segurtasun dispositiboan "konfiantza osoa" duela adierazi du Erkorekak
Frantziako Tourrak Euskal Herritik egingo duen ibilbidearen harira prestatutako segurtasun dispositibo berezian "konfiantza osoa" duela adierazi du ostiral honetan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Horren hitzetan, antolatzaileen eta Ertzaintzako sindikatuen bermea du, eta "denek goraipatu dute prestatutako segurtasun dispositibo bereziaren kalitatea eta bikaintasuna".
Lehen lehendakariordeak horrela erantzun dio gaur goizean Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideari, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan; izan ere, Ertzaintzaren lan-gatazkaren harira dagoen "tentsio altuko une honetan", Tourra gure lurraldetik igaro bitartean segurtasuna bermatzeko neurri jakinak eskatu dizkio sailburuari.
Ildo horretatik, ertzain batzuek, protesta gisa, egunotan baja har dezaketela ohartarazi du. Alabaina, Erkorekak esan du ez duela aukera horretan pentsatu nahi, eta Tourrerako prestatutako segurtasun dispositiboa "primerakoa" dela nabarmendu du.
Erkorekak gogora ekarri duenez, Voxek Ertzaintza "desagertzea" nahi du, alderdi ultraeskuindarrak "ertzain leialak" Espainiako Polizian sartu nahi dituelako. "Ertzainei zuen benetako asmoa jakinarazten diezue edo ezkutatu egiten diezue?", galdegin dio Segurtasun sailburuak Martinezi.
Muriel Larrea (PP+Cs) legebiltzarkidearen galdera bati ere erantzun dio lehen lehendakariordeak, Ertzaintzarekin lotutakoa hori ere. Hala, ekainaren 1ean, 'Ertzainak Indarbidez' plataforma asindikalak deituta, Eusko Legebiltzarraren aurrean protesta egiten ari ziren zazpi ertzain identifikatu eta horien aurkako diziplina-espedientea ireki izana salatu du Larreak.
Ertzaintza "jazartzea" leporatu dio PP eta Ciudadanosen arteko koalizioko legebiltzarkideak Erkorekari, baina Segurtasun sailburuaren arabera, indarrean dagoen araudia urratzeagatik ireki dira diziplina-espediente horiek. Erkorekak nabarmendu duenez, legea errespetatu beharra dutela ezartzen du araudiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda