72 hegazti hil dira Gasteiz inguruan botulismo agerraldi baten ondorioz
Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala elkarlanean ari dira hegaztiei eragiten dien bolutismo agerraldi bat kontrolatu nahian. Gaitza aurreko astean atzeman zuten Gasteiz inguruan, Radio Vitoriak jakin duenez. Gaur arte, gaitz horren eraginez hildako 72 hegaztiren gorpuak jaso dituzte Betoñu eta Arkautiko urmaeletan, eta 19 Martiodako Faunaren Suspertegira eraman dituzte gaixorik, bertan arta ditzaten.
Ostegunean aurkitu zituzten botulismoa zuten lehen hegaztiak, eta, Neikerrek gaitza zein den jakin bezain laster, zaintza-lanak antolatu zituzten. Horretan ari diren langileek egunero bisitatzen dute Salburuko hezegunea gaixorik egon daitezkeen animalien bila; izan ere, argi geratu da agerraldiari aurre egin eta Arabako beste hezegune batzuetara zabal ez dadin har daitekeen neurri eraginkorrena animalia horiek jasotzea dela.
Botulismo agerraldi hau hegaztiei soilik eragiten dien bakterio batek sortu du, eta ez die gizakiei eragiten. Gainera, garaiz atzeman da, eta egoki kontrolatzeko aukera eman du.
Foru Aldundiak badauka esperientzia horrelakoetan. 2014ko agerraldien ostean, hainbat prebentzio-neurri prestatu ziren, eta kasu asko ekidin dira urte hauetan. Oraingoan jaso diren hegazti gehienak uretakoak dira, anatidoak batik bat. Murgilen bat ere badago tartean.
Hegazti horiek ez hiltzeko eta gaitza ez zabaltzeko modurik onena, hildakoen gorpuak eta gaixorik dauden animaliak lehenbaitlehen jasotzea da. Beraz, erakundeek honako deia egiten dute: norbaitek, hilda dagoen edo modu xelebrean (hegoak edo burua erorita dituela, adibidez) dabilen hegaztiren bat topatzen badu, ez dezala ikutu, eta abisua eman dezala lehenbaitlehen Gasteizko Udaltzaingoari (092) edo Arabako Foru Aldudiari (945 18 18 18) deituta.
Bakterio hori udako hilabeteetan ugaritzen da, tenperatura altuak izaten direnean eta uraren egoerak garatzeko aukera ematen dionean.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak