Itzuli da argindarra Deba erdigunera, ia 24 ordu eta gero
Atzoko 18:00etatik argindarrik gabe egon dira Debako herriguneko beheko partean, Gudarien Plazan dagoen generadorean ura sartu zelako marea bizien ondorioz. Ia 24 ordu eta gero, 17:00etarako gutxi falta zenean itzuli da argindarra herri guztira.
Alazne Txurruka Debako alkateak Euskadi Irratian azaldu duenez, lur azpian bost metrora dago Gudarien Plazako energia-sorgailua eta ondorioz, euri asko egin edo marea biziak daudenean ura sartzen da eta gelditu egiten da, argirik gabe utziz herriguneko bizilagunak, tabernak, dendak eta bestelako zerbitzuak. Atzo, 18:00ak aldera, ura sartu zen generadorean marea bizien ondorioz. Iberdrolako teknikariak bertaratu zirenean, ura kendu ezean ezin zutela ezer egin jakinarazi zuten eta gauean suhiltzaileek atera zuten bertatik ura. Gaur goizean itzuli dira teknikariak sorgailu berri batekin eta zaharra ordezkatuta, egoera normaltasunera itzultzeko lanean aritu dira egunean zehar.
Iberdrolatik adierazi dutenez, hasiera batean, 590 hornidura punturi eragin die arazoak. Arratsaldeko 13:15erako, hornikuntza berrezarri da kasuen erdietan, eta 280 bezero zeuden, gutxi gorabehera, oraindik argindarraren mozketen eraginpean. 17:00etarako gutxi falta zenean itzuli da normaltasuna, erabat.
Txurrukak adierazi duenez, aspaldikoa da arazoa eta behin eta berriro errepikatzen da. Behin betiko irtenbidea eskatu izan diote aurreko legegintzaldietan ere Iberdrolari baina arazoak bere horretan jarraitzen du. Horregatik, Iberdrolako arduradunekin egondo da alkatea astelehenean berriz ere.
Pasaian eta Zumaian ere arazoak
Marea biziek kostaldeko beste toki batzuetan ere sortu dituzte arazoak, Pasai Donibanen, esate baterako. Ura sartu zen atzo iluntzean hainbat lokal eta jatetxe baten.
Zumaian ere 18:22an izan zen arratsaldeko itsasgora, eta minutu batzuk lehenago Urola eta Narrondo ibaiek gainezka egin zuten Axular eta Julio Beobide ibilbideetako hainbat puntutan. Inguru horietako hainbat lokaletara sartu zen ura; besteak beste, Pulpo elkartera eta Marinelen San Telmo kofradiara.
Gaur ere adi daude inguru horietako bizilagunak.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak