EAEko Zibersegurtasun Agentzia berria abiatzeko bilera egin dute
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru zela, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Industria eta Ingurumeneko sailburua ere bertan zela, egin dute gaur goizean Cyberzaintza, Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berria, sortzeko bilera.
Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, Interneten eta teknologia berrien erabileraren ondorio diren mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko sortu da.
Administrazio Kontseilua lehenbiziko aldiz elkartu da Arabako Parke Teknologikoan (Miñaon) kokatuko den Agentzia berri honen jarduerari hasiera emateko. Agentzia, zehazki, Basque Cybersecurity Centreren egoitzan kokatuko da.
Cyberzaintzaren gobernu-organoko kideak Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako eta udaletako ordezkariak izango dira. Kontseilu honen lehenengo eginkizunetako bat legezko oinarriak eta oinarri operatiboak ezartzen dituzten eta agentziaren helburuak, eginkizunak eta egiturak zehazten dituzten estatutuei oniritzia ematea da. Estatutuok laster aurkeztuko dituzte Gobernu Kontseiluan, honek onar ditzan.
Agentzia berriak hiru arlotan jardungo du: ziberdelituak; azpiegitura eta datu publikoen babesa; eta enpresa egituren eta datuen babesa.
Besteak beste, hauek dira Agentziaren zeregin nagusietako batzuk: ziberintzidentziak eta zibererasoak ikertu eta aztertzea; antzematea eta horiei erantzutea, horretarako irizpideak finkatuta eta babes-neurri egokiak sustatuta zibermehatxuei aurre egiteko eta zerbitzu publiko kritikoak eta funtsezkoak identifikatu eta zaintzea, horien ziberbabeserako neurri egokiak proposatzeko.
Esan bezala, gaurtik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, estatutuak onartu beharko ditu eta agentzia zuzenduko duen pertsona eta Aholku Kontseilua izendatu beharko ditu.
Gaurko bilera 2023ko lehenengo seihilekoko datuen analisiarekin amaitu da. Euskadin salatzen diren lau delitutatik bat teknologia berrien bidez egiten da. Denbora horretan, konkretuki, 12.878 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 31 gehiago. Horietako gehien-gehienak, orain arte bezala, ziberiruzurrak izan dira, eta ziberdelitu guztien % 89 dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak