Indarkeria matxistaren biktima kopurua % 57 hazi da EAEko "etxerik gabeko" pertsonentzako zentroetan
Etxerik ez duten pertsonak artatzeko zentroen gastua 76 milioi eurokoa izan zen 2022an Euskal Autonomia Erkidegoan. 2020tik —pandemiaren urtea— % 15,8 igo da gastua, Eustatek argitaratutako datuen arabera.
Indarkeria matxistaren biktima kopurua, berriz, % 57 hazi zen iaz EAEko zentroetan; guztira, 270 plaza. "Etxebizitza arriskutsua" sailean sartzen dituzte emakume horiek. Izan ere, indarkeriaren mehatxupean bizi diren pertsonak dira. Horri aurre egiteko, erasotzailearentzat ezezaguna den kokaleku batera eramaten dituzte, horietako asko seme-alabekin batera.
2022an, 276 zentrotan eman zitzaien arreta etxerik ez duten edo babes bila dabiltzan pertsonei. Batez beste, egunean 3.410 lagun hartu zituzten zentro horiek, 2020an baino % 1,8 gutxiago. 638 lagun "etxegabeak" ziren.
Zerbitzu sozialek, orotara, 4.313 plaza eskaini zituzten egunean, batez beste, —2020an baino 53 gehiago—eta % 79 bete zituzten. Arreta zentroek eskainitako plazak, baina, % 16,2 gutxitu ziren. Kontratara, hazi egin zen etxebizitzen eskaintza (% 19,2).