Zaintza sistema berri baterako konpromisoak adostu dituzte EAEko erakunde nagusiek
Zainketen Aldeko Euskal Ituna. Izen hori jarri diote zaintza-sistema hobetzeko EAEko erakunde nagusiek adostu duten akordioari. 14 konpromiso bildu dituzte dokumentu batean, eta horiek ardatz hartuta, zaintza eredu inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraiki asmo dute. Zainketen aldeko herri-itun baterako abiapuntua da.
Gaur aurkeztu dute dokumentua, Lehendakaritzaren Gasteizko egoitza nagusian. Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek izenpetu dute akordioa, eta horietan gizarte politiken ardura duten ordezkariak izan dira goizeko agerraldian. Guztien izenean, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hartu du hitza, ituna aletzeko. Akordio integrala dela nabarmendu du, zuzeneko zein zeharkako zaintza-sistemak aitortzeko eta hobetzeko diseinatu dena.
Konpromisoak eta helburuak daude jasota dokumentuan, horiek egikaritzeko zein neurri hartuko diren zehaztu gabe. "Printzipioen adierazpena da, etorkizunerako bide-orria", esan du sailburuak. "Zainketak funtsezko zutabe" izango diren gizarte baterako bidea marraztu dutela zehaztu du.
Zaintzeko eskubidea, zainduena zein zaintzaileena, hori da xede nagusienetako bat. Agindu dute gizarte zerbitzuen euskal sistemaren zorroko prestazioak eta zerbitzuak eguneratu egingo dituztela, horietara iristea errazagoa izan dadin.
Genero ikuspegiari ere heldu nahi diote, "ikuspegi intersekzionala eremu publikoan eta pribatuan" aplikatuz, eta gizonak "zaintza-lanetan eta kontziliazio erantzukidean inplikatzeko neurriak bultzatzen jarraituz".
Horiekin lotuta, zaintza alorreko enpleguaren kalitatea sustatzea da beste konpromisoetako bat, eta baita, zaintzako tokiko ekosistemen sare bat eratzea ere, "laguntza-sareen sarea". Helburuok lortzeko, besteak beste, zerbitzu eta prestazioetako urteko gastu publiko arrunta handituko dutela azaldu dute.
Aurrez beste erakunde batzuekin —Gizarte Elkarrizketarako Mahaia, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia, Migraziorako eta Asilorako Euskal Foroa eta Emakunde— egindako "lanketaren jarraipena" da aurkeztu duten dokumentua, eta testuak berak dio "irekita" dagoela, berau "garatzen jarraitu nahi duten eragile guztientzat".
Sinatzaileek, bereziki, hurrengo bi hamarkadetan jarri dute begirada (2030-2040), irizten baitiote epe horretan izango den "eraldaketa sozial eta demografiko sakoneko testuinguruan" eraiki behar dela zaintza-eredu berria.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi gizon atxilotu dituzte Iruñean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita
Manifestazio jendetsua egin dute Santurtzin Anderrentzat justizia eta erreparazioa eskatzeko
Ehunka lagun kalera atera dira Euskadin eta Nafarroan, etxebizitzaren negozioaren aurka
Etxebizitzaren aldeko protesta dozenaka hiritara zabaldu da, greba orokorrari begira
Igandera arte luzatu dituzte euriteengatik EAEn gaurko ezarrita zeuden abisu horiak
12 lagun zauritu dira Errioxako taberna baten zati bat erorita, eta zortzi osasun zentroetara eraman dituzte
102 urteko emakume bat hil da eta 90 pertsona erreskatatu dituzte Albaceten, Madrigueras herrian izandako uholdeetan
Milaka pertsona kalera atera dira Madrilen, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko