Valentziako sutean hildakoak 9 direla baieztatu du Poliziak
Bederatzi lagun hil dira eta 15 artatu behar izan dituzte Valentzian bi etxebizitza eraikin kiskali dituen sutea tarteko. Sua Campanas auzoko 14 solairuko eraikin batean piztu zen atzo arratsaldean, General Aviles eta Maestro Rodrigo kaleen artean.
Hasiera batean, Pilar Bernabe Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkariak iragarri du 10 pertsona hil direla sutean, baina Polizia Zientifikoak 9ra jaitsi du zifra handik eta ordu batzuetara, biktima guztien gorpuak berreskuratu eta gero.
Suhiltzaileak
Suhiltzaileek, Espainiako Larrialdietako Unitate Militarraren (UME) laguntzarekin, eraikina freskatzen eman dute gaua. Gaur goizean ez da sugarrik ikusten, baina bai ke ugari. Ingurua hesituta dute, eta trafikora itxita. 11:30 aldera, Polizia zientifikoko hainbat kide eta suhiltzaileak eraikin barrura sartu dira, hura bermatuta zegoela egiaztatu ondoren. Adituen arabera, eraikinak ez dira behera etorriko.
15 pertsona zauritu ziren hausturengatik, erredurengatik edo kea arnasteagatik. Tartean zazpi suhiltzaile eta adingabe bat daude. Biharamunean, bi pertsonak (suhiltzaile) jarraitzen dute erietxean, baina euren bizia ez dago arriskuan.
Sutea atzoko 17:30ean piztu zen 14 solairuko 5.ean, eta ordu erdiko tarte eskasean eraikin guztira eta aldamenekora zabaldu zen. Egituretan aditu diren batzuen arabera, fatxada aireztatua zuen eraikinak, eta zati bat poliuretanozkoa zen, sugarria eta berez bakarrik ipini ezin daitekeen materiala.
Hala ere, Poliuretano Zurrunaren Industria Elkarteak (IPUR) ohar batean adierazi duenez, material hori ez dago "ez kanpoko estalduraren betelan gisa, ez aire-ganberako material isolatzaile gisa". Gainera, kanpoko estaldura aluminiozko bi xaflaz eta zurruntasuna emateko material betegarri batez osatutako "konposite" panel batez osatuta dagoela adierazi du. "Kasu honetan ere ez da poliuretanoa", ohartarazi du.
Bestalde, Suteen Aurkako Espainiako Babes Elkarteak (Tecnifuego) eraikinaren "estalduran zegoen material erregaia" seinalatu du, baina ez du uste poliuretanoa denik, baina zehaztu du oraindik ez dagoela "ezer argi eta suhiltzaileen txostenaren zain egon behar dela".
Isolamendu Instalatzaileen Elkarteak (Aisla) errefusatu degin ditu "azken orduetan poliuretanoaren aurka egindako erasoak", eta adierazi du, bere informazioen arabera, blokeak ez zuela produktu horren isolamendurik aireztatutako fatxadako ganberan, eta "faltsuak" direla "sua zabaltzen duen eragilea" izatearen akusazioak.
Era berean, Material Isolatzaileen Fabrikatzaile Elkarteak (Andimat) zuhurtziaz jokatzeko eskatu du eraikinean erabilitako materialak, produktuak edo sistemak aipatzerakoan, txosten ofizial baten zain. Elkarte horrek azpimarratu duenez, "ez dago poliuretanoa istripua izan zuen eraikinaren fatxadaren parte zela adierazten duen frogarik".
Luis Sendra Valentziako Arkitektoen Elkargoko presidenteak adierazi duenez, fatxadak "tximinia efektua egin du eta horrek garrak hedarazi ditu". Gainera, mendebaldeko haizea zebilen, 50-60 km/h-ko ufadekin.
Bi eraikinen FBEX enpresa etxegileak horiek saltzeko erabili zuen promozio bideoa ezagutu da gaur. Horren arabera, eraikinak "aluminioz egindako material berritzaile batekin zeuden estalita". Eraikinak 2005 eta 2007 urteen artean altxatu ziren, hirigintza boom betean. FBEX enpresak porrot egin zuen handik urte batzuetara. Bideoan esaten zenez, eraikinak "abanguardiakoak" ziren, "igogailu panoramiko batekin lotuak". Erabilitako materialak "puntako kalitatekoak" omen ziren, "kalitate kontrol zorrotzekin probatuak".
Hiru dolu egun eta dirulaguntzak iragarri dituzte agintariek
Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentea, Maria Jose Catala Valentziako alkatea eta Vicent Monpo Diputazioko burua sutearen kontura paratu duten aginte postura hurbildu dira goizean. Hiru dolu egun ezarri dituzte Valentzia hirian eta erkidegoan. Bihar, larunbatarekin, elkarretaratze isila egingo dute 12:00etan Udaletxean.
Valentziako Udalak eta Fallen Batzorde Zentralak 'Crida' izeneko festa —Fallen abiapuntu dena, igandean egitekoa— bertan behera uztea ebatzi dute. Halaber, asteburuko ekitaldi guztiak ere bertan behera geratu dira.
Era berean, Espainiako Futbol Federazioak onartu egin du Valentzia futbol taldeak Granadan jokatu behar zuen partida, eta Levantek etxean Andorraren aurka jokatu behar zuena atzeratzea.
Valentziako alkateak eta Generalitateko presidenteak suteak kaltetutako bizilagunentzat hainbat laguntza lerro iragarri dituzte. Besteak beste, 6.000 eta 10.000 euro artean bideratuko dituzte herritarron lehen beharrizanak asetzeko, eta gerora, hilean 1.000-1.500 euroko beste laguntza bat. Halaber, Udalak berriki erosi dituen 113 etxebizitza jarriko ditu familion esku. Era berean, laguntzok kobratzeko edo bestelako izapideak egiteko bulego bakarra eta laguntza psikologikoko zerbitzu iraunkorra jarriko dituzte.
Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Valentziara joan da gaur sutearen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzera.
Kazetarien aurrean egindako agerraldi labur batean, Sanchezek babesa eta elkartasuna adierazi die kaltetutako bizilagunei eta laguntzak eta baliabideak eskainiko dizkietela agindu du. Horren ustez, orain "lehentasuna biktimak topatzea da" eta erietxean jarraitzen duten bost pertsonak hobera egitea. Larrialdi zerbitzuen lana goraipatu eta euren garrantzia ere nabarmendu du Sanchezek.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat atxilotu dute Sarrigurenen, emaztea hiltzea eta ama larri zauritzea egotzita
Gertakariak Eguesibarrean (Nafarroa) jazo dira, arratsaldeko 19:30ak aldera.
Gaizki aparkatzeagatik jarritako isunak egiazkoak direla ziurtatu du Hendaiako Herriko Etxeak
Bidasoa eskualdeko hainbat bizilaguni isunak kobratzeko posta bidez bidalitako gutunak iruzurra zirela zabaldu zuen ostegunean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
11 urteko zigorra ezarri diote gizon bati Bizkaian, bikotekide ohiaren etxera baimen gabe sartu eta hura bortxatzeagatik
Bikotekideak izan ziren sei urtez, nahiz eta ez ziren elkarrekin bizi. 2021eko azaroan neskak amaitutzat eman zuen harremana. Gizonak, ordea, kontaktuan jarraitzeko eskatu zion, eta 2021eko azaroaren 22ko goizean emakumearen etxera sartu zen, haren baimenik gabe, eta bortxatu egin zuen.
Baskoniak ehunka zaleren babesa jasoko du Valentzian
Baskoniaren mila jarraitzaile inguru joan dira Valentziara 2026ko Errege Kopa dela eta. Eguraldia lagun, giroa ezin hobea da Baskoniako zaleen bilgunea den "Araba Etxean".
65 urtetik gorako pertsonen artean alkohol eta psikofarmakoen kontsumo handiaz ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egindako txosten batek agerian jarri duenez, EAEko gizonen ia % 40k egunero kontsumitzen dute alkohola, eta emakumeen artean gora egin du lo-eragileen eta lasaigarrien erabilerak.
8 urteko kartzela-zigorra Legorretan kontrako norabidean zihoala hiru pertsonaren heriotza eragin zuen gidariarentzat
Akusazioek eta defentsak akordioa adostu dute, eta akusatuak erruduna dela onartu du. Hori dela eta, ez da beharrezkoa epaiketarekin jarraitzea. Ostiral honetan Gipuzkoako Auzitegian egindako saioan, auzipetuak barkamena eskatu die biktimen sendiei, malko artean.
Bost pertsona atxilotu dituzte Iruñean, emakume etorkinak prostituitzera behartzeagatik
Emakumeak haien jatorrizko herrialdeetan erakartzen zituzten, “lan-kontratu erakargarriak” eskainiz; Nafarroara iritsitakoan, baina, mehatxatu egiten zieten eta prostituitzera behartzen zituzten.
Gizon batek 10 urteko semea hil du eta emaztea larri zauritu du bart Tenerifen
Guardia Zibilak tiroz hil du ustezko hiltzailea, agenteei matxete batekin mehatxatu ostean.
Aturri ibaiak gainezka egin du Baionan
Aturri ibaiak gainezka egin du ostegun honetan Baionan. Azken egunetan pilatu den euriak eta itsasgorak bat egin dutenean, goizeko zein arratsaldeko seiak bueltan, ibaia bere bidetik irten da. Goizean urak eragin dituen eragozpenak ikusita, arratsalderako Baionako Herriko Etxeak zentzuz jokatzeko eta ibai ingurura ez hurbiltzeko deia egin badu ere, azkenean ez da eragozpen nabarmenik egon.
Zabaldu dute Zumaia eta Getaria arteko errepidea, olatu handiengatik itxita egon ostean
Itsasgora izan den unean egon da itxita, Pedro denboraleak eragin dituen olatu handiengatik. Ostiral goizeko itsasgoraren garaian ere, 05:00etatik 07:00etara, 4 metro inguruko olatuek joko dutela itsas-bazterra espero da.