Gazako eta Ukrainako biktimek ere hartu dute parte Durango eta Elorrioko bonbardaketen urteurrenen ekitaldian
Duela 87 urte Durangoko bonbardaketan hildakoak omendu dituzte gaur Durangon, Gazako zein Ukrainako biktimei ere aitortza eginez.
Hainbat ekitaldi antolatu ditu goizean goizetik Durangoko Udalak, Gerediaga elkartearen, Kriskitin dantza-taldearen, Suargi elkartearen, Gogora Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. 08:00etan lore-eskaintza egin dute hilerrian eta handik gutxira, 10:00etan, ekitaldi instituzionala izan da Benita Uribarrena parkean. Bertan izan dira Ukrainako eta Gazako gerretako biktima batzuk, agintari instituzionalekin batera, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua tartean.
1937ko martxoaren 31n Italiako hegazkinek, Frankoren esanetara, Durango bonbardatu zuten. 213 herritar hil ziren, gehienak goizeko elizkizunetan zirela. Eskualde osora zabaldu ziren bonbardaketak eta beste 13 pertsona hil zituzten Elorrion.
"Biktimek gure memoriaren itsasargia izan behar dute beti", adierazi du omenaldian Nerea Melgosa sailburuak. "Gernikan bezala, Durangoko bonbardaketan hildako 213 biktimetatik % 74 baino gehiago zibilak izan ziren. Errepublikaren legezkotasunaren aurkako altxamendu militar batek sustatutako gerrak, bidegabea izateaz gain, gertaera bereziki krudel eta gaitzesgarriak ekarri zituen, besteak beste, biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketak. 87 urte geroago, Ukraina, Gaza eta munduko beste leku batzuetako bonbardaketak ikusten jarraitzen dugu, izututa", gaineratu du.
"Durangotik eta Elorriotik memoria historiko eta demokratikoarekiko gure konpromisoa berresten dugu, oroitzea eta ez ahaztea ez ezik, egia, justizia, errekonozimendua eta balio etiko eta demokratikoekiko konpromisoa berresten dugu", berretsi du Melgosak.
Suontzi bat piztu dute Andra Maria elizaren atarian eta arratsaldeko 19:30ean, beste lore-eskaintza bat egin dute leku horretan, Kriskitin dantza-taldearen eskutik.
Biktimen senideek eta herriko ordezkari sozial eta instituzionalek parte hartu dute Udalak antolatutako ekitaldi horretan, eta, aurten, bonbardaketatik bizirik irtendako Ana Maria Valdubieco Pujana omendu dute. Bonbardaketa gertatu zenean sei urte zituen Ana Mariak.
Elorrion, Laumunarrieta 1937 memoria historikoaren elkarteak antolatu du ekitaldia, Udalarekin elkarlanean, eta lore-eskaintza egin du, errepresio frankistak hil, zauritu eta jazarritako biztanleria zibilaren omenez.
Bonbardaketaren eguna
Gerediaga Elkarteko kide Jon Irazabalen Gerra zibila Duragaldean 1936-1937 liburuak 1937ko martxoaren 31n Durangon gertatutakoa kontatzen du. 07:00etan, Savoia 81 bonbardaketa astuneko taldeko bi eskuadrilla aireratu ziren Soriako aerodromotik, Francoren kontrolpean. Talde horretako 214 eta 213 eskuadroiek Ferdinando Raffaelli koronelarengandik jaso zuten Durangoko (lehenak) eta Elorrioko (bigarrenak) udalerriak bonbardatzeko agindua. Logroñon, 18 ehiza-hegazkin batu zitzaizkien bi eskuadrilei, eta bonbardatzaileen eskolta lanak egin zituzten.
Eskuadroiek "saguzarren gerra" deitu zieten euren buruari hegazkinen isatsetan zirkulu zuriak margotu zituzten, ganetik zirkulu beltza zutela. 08:30ean, Aviazione Legionariako hegazkinek Durangoko zerua zeharkatzen zuten. Alarmak jo zuten, baina durangarrei ez zien astirik eman etxeetako sotoetan, karkabetan, Santa Ana elizan eta Cafe Baquen prestatuta ziren aterpe eskasetan sartzeko. Bonbardatzaile faxistek Kurutziaga kalearen amaieratik Ezkurdia plazarantz jo zuten, Santa Maria elizatik igaroz. Eliza horretako dorreak erasorako erreferentzia-puntu gisa balio izan zuen.
Aviazione Legionariak egindako lehen pasaldian, lau tona lehergai bota zituen 50 kiloko 80 bonba jaurtiz. Bonbardaketa izan zenean, Carlos Morilla Carreño apaiz asturiarra meza ematen ari zen Andra Maria elizan, eta aita Rafael Billalabeitia gauza bera egiten ari zen San Joserenean, "Jesuitak" izenekoan. Bi apaizetako inor ez zen bizirik atera bonbardatzaile italiarren lehen iraganalditik. Erasoaren biktima gehienak Durangoko eraikin erlijiosoetan hil ziren. Santa Susana komentuan hamaika moja eta zerbitzuko neska bat hil ziren. Raid italiarretik bizirik ateratzen saiatu ziren komentuko baratzeko txabola batean, baina bonbetako bat gainera erori zitzaien.
18:00ak baino lehentxeago, Italiako bonbardatzaileek bigarren razzia egin zuten eta 100 kiloko 22 bonba eta 50 kiloko 54 jaurti zituzten Durangora. Italiako ontziei laguntzen zieten ehiza-hegazkinek metrailatu egin zituzten Montorreta, Landako eta San Rokeko zelaietan ihesi zihoazen durangarrak. Bigarren eraso horretan, bonbardatzaileek Durangoko tren-geltokia suntsitu zuten, eta 3.140 kilo bonba jaurti zituzten.
Apirilaren 2an, Italiako Aviazione Legionariak hiribildua bonbardatu zuen berriro, baina biztanle askok hiria utzi zutenez, biktima kopurua txikiagoa izan zen. Gehienak suhiltzaileak eta hondakinak kentzen eta gorpuak erreskatatzen ari ziren pertsonak izan ziren. Gurutze Gorriaren banderek ez zuten saihestu faxisten erasoa.
Durangoko bonbardaketek 213 hildako eta ehunka zauritu utzi zituzten. Aviazione Legionariak 71 etxe suntsitu zituen, eta hiribilduko tenpluak eta gainerako eraikin erlijiosoak oso kaltetuta geratu ziren. Handik egun batzuetara, Bilbori eraso zioten aire bidez.
213 hildako Durangon
Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak bonbardaketak utzitako biktimen kopuruari buruzko ikerketa berria aurkeztu zuten 2024ko martxoaren 20an. Durangoko Udalaren babesarekin eta Gogora Institutuaren dirulaguntzari esker garatutako lanean, 213 hildako egiaztatu dituzte ikertzaileek. Horietatik, % 74 zibilak ziren eta % 15ek 16 urte baino gutxiago zituzten. Beste % 26 Euzko Gudarosteko batailoi ezberdinetako gudariak ziren, eta 19 eliztarrak, horien artean Santa Susana komentuko 14 moja.
Ikerketaren arduradunen ustez, "datu horiek erakusten dute azpiegitura estrategikoak suntsitzeaz gain, biztanleria zibilaren aurkako eraso argia izan zela, herritarrak izutzeko helburuarekin".
Hiru urte hartu dituen lanaren helburu nagusia bonbardaketen biktimak identifikatzea izan da. 2021ean, Durangoko Udaleko memoria mahaian, hobi komunetan lurperatutako 84 pertsonak identifikatzea eta haien familiak bilatzeko lan egitea adostu ondoren hasi zen ikerketa.
Orain arte bonbardaketan 334 hildako izan zirela uste zen baina ikerketa berriak kopurua zuzendu eta 213 biktima baieztatu ditu. Horietatik 13 identifikatu gabe daude oraindik.
Ikertzaileek azaldu dutenez, izen batzuk bikoiztuta agertzen zirela ikusi zuten baita orain arte Durangoko bonbardaketen biktimatzat jotzen ziren batzuk ez zirela egun horretako biktimak izan, "batzuk gerraren biktima izaten jarraitzen badute ere". Bestalde, aztertutako zerrendetatik, 77 pertsona beste arrazoi batzuengatik hil zirela ere ikusi dute eta 16 biktima berri ere identifikatu dituzte.
Azkenik, Abadiñoko bonbardaketan hildako gisa agertzen diren pertsonak Durangoko bonbardaketaren biktima gisa mantentzea erabaki dute, Durango erasotzeko operazio militar berean hil zirelako.
Zure interesekoa izan daiteke
Astelehen honetan hasiko da Maialen Mazonen ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa
Hilaren 15era arte dago programatuta, eta herri epaimahaia osatuko duten herritarrak aukeratuta hasiko da. Akusazioek 45 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute ustezko hiltzailearentzat, Zigor Kodeak baimentzen duen zigorrik handiena.
Leon XIV.a aita santuak lehendakaria hartuko du Vatikanoan maiatzaren 13an
Egun horretan egingo den audientzia orokorrera gonbidatu du. Eusko Jaurlaritzaren arabera, balio handiko topaketa izango da, eta Euskadik nazioartean duen presentzia instituzionala indartuko du.
72 urteko mendizale bat hil da Serantesen
Bizkaiko mendiaren hegal batean aurkitu zuten hilda, hainbat orduz haren bila aritu ondoren.
Komunean kaka egiterakoan jarrera hobetzeko gailu bat diseinatu dute Iturgoiengo lau bizilagunek
Osasuna eta ergonomia uztartzen dituen ekimen berritzaile horren atzean Asier eta Iñigo Arabaolaza, Joseba Imaz eta Jose Antonio Lazcano daude; 'Naturpos' gailuaren sortzaileak. Oso sistema erraza erabiltzen du gailuak. Hankak altxarazten dizkio erabiltzaileari, nolabait gorputzaren jarrera naturala har dezan.
Hiru pertsona zauritu dira Arrigorriagan, autobus baten eta auto baten arteko istripuan
17:00ak pasatxo gertatu da ezbeharra, eta, ondorioz, errepidea itxita dago eta ibilgailuen zirkulazioa AP-68ra desbideratzen ari dira.
Maleta susmagarri bat leherrarazi du Poliziak Iruñean
Iruñean, Espainiako gobernu-ordezkaritzaren egoitza aurrean norbaitek utzitako maleta batek susmo txarra eragin du, eta gune osoa itxi dute. Merindadeen plazako autobus markesina batean aurkitu dute maleta susmagarria.
Donostian emakume bat hiltzen saiatu zen gizona espetxeratzeko agindua eman du epaileak
Hilketa saiakera egotzita, 26 urteko gizona kartzelan sartzeko agindua eman du epaileak.
Gizon batek emakume bat hil du Esplugues de Llobregateko kale batean
Erasoaren ondoren, gizonak ihes egin du, baina handik gutxira aurkitu dute Mossoek, eta atxilotu egin dute. Indarkeria matxista gisa ari dira ikertzen hilketa.
Gazte bat atxilotu dute Metro Bilbaoko segurtasun-zaintzaile bati eraso egiteagatik
17:30 aldera jazo da erasoa, Abandoko geltokian, atxilotuak trenbidea gurutzatu duenean, batetik bestera. Segurtasuneko langileak bertaratu direnean, egindakoa aurpegiratu diote eta gazteak eraso egin dio horietako bati.
Irungo Belaskoenea auzoan su armaz egindako hilketagatik atxilotutako gizona espetxeratu dute
Gaur goizean utzi dute atxilotua epailearen esku, eta arratsaldean eman du magistratuak Martuteneko espetxera bidaltzeko agindua.