Bilboko banketxe batean 30.000 euro lapurtu dituen gizonaren bila ari da Ertzaintza
Ertzaintzak polizia operazioa jarri du abian gaur goizean Bilbon, banketxe batetik 30.000 euro ostu dituen gizona topatzeko.
Segurtasun Sailak EITBri jakinarazi dionez, lapurreta Areiltza Doktorearen kalean (Indautxu auzoa) dagoen banketxe batean jazo da, 08:15ean. Artean bulegoa ireki berria zen, eta banaka bat langile baino ez zeuden barruan.
Gizonak, ileordea eta gabardina bat jantzita eta pistola eskuan, banketxean zeuden hiru beharginak kutxa gotorra irekitzera behartu ditu. Ondoren, gela batean giltzapetu ditu, eta 30.000 eurotik gora eraman omen ditu. Zorionez, ez da inor zauritu.
Behin bulegotik kanpo, kotxe bat geldiarazi du eta, pistolarekin mehatxu eginez, Basurtu alderantz eraman zezan derrigortu du. Autotik jaitsi aurretik, lapurrak 100 euro eman dizkio gidariari.
Lapurretaren berri izan eta berehala, bilatzeko lanei ekin die Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin. Basurtu auzoa arakatu dute, izan ere, Basurtuko Ospitaleko komun batzuetan aurkitu dituzte lapurraren ileordea eta gabardina.
Bilboko Intermodaletik ateratzekoak ziren autobusak miatzen ere ibili dira agenteak. Inguruan dauden segurtasun kameren irudiak berrikusi dituzte froga bila.
Bulegoa 11:00etan zabaldu dute berriro, behin ikerlariek lanak amaituta.
Ikerketa zabalik dago eta Ertzaintzak lapurraren bila jarraitzen du.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak