Mendabian hilda agertu zen gizonaren kasuagatik atxilotutakoa astelehenean eramango dute epailearen aurrera
Astelehenean eramango dute epailearen aurrera ostiralean Mendabian hilketa batekin zerikusia duelakoan atxilotutako gizona. Atxilotu zutenean, Lizarrako polizia-etxera eraman zuten, eta han jarraitzen du. Ez da xehetasun gehiagorik zabaldu, kasua sekretupean dagoelako.
Antza denez, atxilotuak zerikusia du martxoaren 4an Mendabian bertan indarkeria zantzuekin hilda agertu zen 61 urteko gizon baten kasuarekin.
Egun hartan, sute txiki bat izan zen etxebizitza batean, eta larrialdi zerbitzuek gizon baten hilotza atera zuten etxe barrutik.
Foruzaingoak azaldu duenez, 10:30 inguruan, biktimarekin hitzordua omen zuen pertsona bat haren etxera joan zen, ez zelako geratuta zeuden tokira agertu, eta berak eman zien abisua larrialdi zerbitzuei.
Hasiera batean gizonaren heriotza suteak eragin zuela ematen bazuen ere, gero jakin zen indarkeriaz hil zela eta sutea ondoren piztu zela. Hala, ostiralean gizon bat atxilotu zuen Foruzaingoak.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak