Antsoaingo herritarrek euskara doan ikasi ahal izango dute
Euskara ikastea doakoa izango da Antsoaingo herritarrentzat, Udalak bultzatzen duen euskara ikasteko laguntzen deialdiari esker. Ekainaren 1etik uztailaren 21era arte zabalik egonen da 2023ko ekainetik 2024ko maiatzera bitartean euskara ikasteagatik dirulaguntzak eskatzeko epea. Hala, Euskarabidearen dirulaguntza osatuko du matrikula osoa % 100a bete arte, baldin eta eskatzaileak baldintzak betetzen baditu; Nafarroako Eremu Mistoan hori egiten duen lehen udalerria da.
Laguntza jasotzeko eskubidea aurrez aurreko euskara-eskoletara joaten diren pertsonek izango dute, bai urteroko eskola estentsiboetan ikasten dutenek, baita barnetegi edo akademietara joaten direnek ere. Laguntzaren % 100a lortzeko, beharrezkoa izango da ikastaroko eskolen % 80ra baino gehiagora joatea, Euskarabideari ikasturte berean dirulaguntza eskatuta izatea eta eskaera Antsoaingo Udalean aurrez aurre edo egoitza elektronikoaren bidez aurkeztea.
Pertsona bakoitzak gehienez 800 euro jaso ahal izango ditu. Nafarroako Gobernuaren titulartasun publikoko zentroetara joateagatik Euskarabidearen deialdian parte hartu ezin dutenek matrikularen zenbatekoaren % 40a jasotzeko eskaera udaletxean aurkez dezakete.
Antsoaindarrek euskara ikasteagatik "zero kostua" izatea da Antsoaingo Udalak aurtengo laguntzen deialdian markatu duen helburua.
NASTATen azken inkestaren arabera (2024ko maiatza), euskararen ezagutzari dagokionez, Antsoainek Iruñerriko ehunekorik handienetako bat dauka (biztanleriaren %35,7). Izan ere, %19,7a euskaldun osoa da eta %16a euskaldun hartzailea, Nafarroako batez bestekoa baino hamar puntu handiagoa (%26,7). Zubiarte euskaltegi publikoak herrian A1 eta B2 mailak ikasteko aukera eskainiko du.
Marta Diez Napal herriko alkateak adierazi duenez, "Nafarroan euskara ikastea doakoa izatearen ideia ez da berria, baina garrantzitsua da ideia hori errealitate bihurtzeko pausoak ematea. Antsoaingo Udalak ahalegin bat egin nahi du zentzu horretan eta, kostu ekonomikoari dagokionez, gure hizkuntzaren ezagutza oztopo bat ez izatea lortu nahi du".
Zure interesekoa izan daiteke
Bilboko Zazpikaleak, urak hartuta, bart gaueko erauntsiaren ondotik
Pertsona bat hil da Torderan, euri jasen ondorioz
Mugikortasun murrizketei eutsi diete Katalunian, azken hamarkadetako eurite bortitzenen ostean
Babacarren senideek hondarribiarren babesa jaso dute manifestazio jendetsu batean