Nøgen, Izaro, Tatta-Süne, Edurne, Nil Moliner eta La La Love You, Bilboko Aste Nagusiko lehen izenak
Bilboko Udalak Abandoibarreko eta Europa parkeko agertokiek hartuko dituzten bakarlari eta talde batzuk iragarri ditu gaur, Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusiari begira. Abuztuaren 17tik 25era egingo dituzte Bilboko jai nagusiak.
Abandoibarrean, Edurne espainiar kantariak abiatuko du egitaraua abuztuaren 17an, Éxtasis bere zortzigarren diskoa aurkezteko baliatuko duen emanaldian.
Astelehenean, hilak 19, Nøgen taldearen folk eta popa entzungo da oholtza horretan bertan, nola Åben Cirkel beren hirugarren diskoko kantuak hala aurreko lanetakoak.
Ostegunean, abuztuak 22, La La Love You madrildar taldeak joko du Abandoibarrean, eta ostiralean, abuztuak 23, Izaroren txanda izango da. Mallabiar musikariak Cerodenero diskoko kantuak aletuko du bertan, Omekoak, Easonekoak eta Limones en inviernokoak ez ezik; lan horretan itzal handiagoa duten doinu elektronikoak ugari entzungo dira, hortaz.
Europa parkeko programazioa asteazkenean, abuztuak 21, hasiko da Nil Moliner kataluniar musikariaren eskutik, eta haren atzetik etorriko da biharamunean, hilak 22, Tatta arrasatear rap kantaria, Sünek lagunduta. Josune Arakistain Huntzako abeslari eta trikitilariak bakarkako ibilbideari ekiteko aukeratu duen izena da Süne.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak