Mocejonen aurkitutako labana bat dator Mateok jasan zituen zauriekin
Igandean Mocejonen (Toledo) futbolean jolasean ari zela sastakatuta hil zuten 11 urteko mutikoak, Mateok, jasandako zauriak bat datoz hilketa izan eta egun batzuetara ustezko erasotzailearen aitaren etxe inguruetan topatutako labanarekin.
Hori dela eta, auzitegiko medikuntza institutura bidali dute labana, beharrezko azterketak egiteko, eta emaitzek esaten dutenaren zain, armak eta zauriak "oso bateragarriak" omen dira.
Labanan isipuz hartutako aztarnen lagina eta ustezko hiltzailea atxilotu zutenean jantzita zeramatzan arropak, aldiz, Guardia Zibilaren Kriminalistika Sailera bidali dituzte. Arropen kasuan, begiratu batean odol arrastorik ikusi ez zuten arren, Guardia Zibilaren txakur batek markatu egin zuen, eta horregatik erabaki da horiek ere aztertzea.
Toledoko 3. zenbakiko istrukzio epaileak behin-behinean eta fidantzarik gabe espetxera bidali zuen ostegunean Mateoren ustezko hiltzailea, 20 urteko mutil espainiar bat, eta ikertua "bere urritasun egoerarentzat egokia den zentro, unitate edo sail batera" bidaltzeko eskatu zion Espetxe Administrazioari. Ocaña 1 espetxean dago.
Atxilotuak hilketa aitortu zuen, bere burua ezin izan zuela kontrolatu eta bere "beste niak" egin zuela esanez. Horren senideen arabera, % 70eko ezgaitasun intelektuala du.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda