Bilboko hilketa matxista salatzeko eta "aski da" esateko deia egin du mugimendu feministak
Yanely Gonzalesen senideek, lagunek, mugimendu feministak eta Santutxuko bizilagunek elkarretaratzeak deitu dituzte Bilbon, 31 urteko emakumearen hilketa matxista gaitzesteko.
Bizkaiko hiriburuko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin dute biktimaren senideek eta lagunek, baita Emakume Migratu Feministak elkarteak ere, 17:00etan, samina eta gaitzespena adierazteko.
Bi ordu geroago, 19:00etan, mugimendu feministak beste elkarretaratze bat deitu dute Santutxu auzoan. "Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista" lelopean, Santutxuko Egunkaria plazan elkartuko dira, Karmelo plazako eskaileratan.
Bilbon ez ezik, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Urruñan (Lapurdi) ere egingo dituzte gaitzespen bilkurak. Ipar Euskal Herrian, 19:00etan dute hitzordua herritarrek, herriko etxearen parean. 19:30ean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egingo dute bilkura, eta 20:00etan, Iruñeko udaletxe plazan. Donostiako bilkura 18:00etan izango da, Plazaundin (Egia auzoa).
Ostegunean, gauerdiaren ostean, 34 urteko gizon batek bikotekidea hil zuen, labanaz, euren etxebizitzan. Ertzaintzak ustezko hiltzailea atxilotu, eta ospitalera eraman zuen. Atxilotuak ospitalean jarraitzen du.
EITBk jakin duenez, biktimak telefonoz deitu zion amari, gizona bere onetik aterata zegoela ohartarazteko, eta bizilagunek larrialdi zerbitzuetara deitu zuten, zaratak eta oihuak entzun zituztelako.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi du ezein polizia erregistrotan ez zegoela gizonaren kontrako salaketa edo "mehatxu zantzurik", hilketa matxista gehienetan jazo ohi den bezala. 2023an, biktimen % 26,7k baino ez zuten salaketa jarri bikotekidearen kontra.
Erakunde guztien aho bakarreko gaitzespena
Atzo, Bilboko Udalak deituta, talde politiko guztietako ordezkariak eta erakundeak bildu ziren. Alkateak iragarri zuenez, Udalak auzian akusazio partikular gisa jardungo du.
Bestade, Imanol Pradales lehendakariaren esanetan, "gizarte gisa, behartuta gaude indarkeria matxistaren kontra lan egitera, ezein emakumek ez dezan bere bizia arriskuan ikusi".
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda