Emakundek mutil gazteekin lan egingo du diskurtso matxista "sartzen" ari zaielako
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak agerraldia egin du astearte honetan Eusko Legebiltzarreko Berdintasun eta Lankidetza Batzordean, erakundeak legegintzaldi honetan izango dituen ildo estrategikoak aurkezteko. Azaldu duenez, ildo horietako bat gazteekin lan egitea izango da, eta bereziki mutil eta gizon gazteekin, mezu misoginoek, berdintasunaren aurkako mezuek eta indarkeria matxistaren ukatzaileek eragiten duten "mehatxuaren" aurrean.
Elgarrestak ohartarazi duenez, "emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileak gero eta hedatuago daude, indarkeria matxista banalizatu egiten da, erreakzio antifeministak sortzen dira, edo berdintasunarekin eta indarkeria matxistarekin lotutako aldaketen aurrean, gizonak biktima bihurtu nahi dira". Sare sozialetan "nagusi" diren mezuak dira, "gazteenen artean zuzenean sartzen ari direnak, bereziki mutilen artean".
Abian jarriko diren ekimenen artean 'Tratu On' nabarmendu du, berdintasunaren alde gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko zerbitzua, tratu onak sustatzera eta indarkeria matxista prebenitzera bideratua, formakuntzaz aparte arreta eta laguntza emango die behar duten mutil eta gazteei. Gainera, Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketari eutsiko zaio eta, Gazteak berdintasunean 2.0 izeneko programa bultzatzen jarraituko dute, Gizonduz ekimenaren esparruan.
Zuzendariak Gela Morea proiektua zertan datzan azaldu du, nerabe eta gazteengan ardaztutako indarkeria matxistaren sentsibilizazio eta prebentziorako programa ibiltaria, familiei, irakasleei eta hezitzaileei zuzendua.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak