Zangoza piztu dute milaka euskaltzalek Nafarroa Oinez "arrakastatsu" batean
Eguna iluntzen hasia zenean amaitu dira Zangozan Nafarroa Oinez jaiaren azken ekitaldiak, egun osoko jaiari bukaera emanez horrela. Eguzkia joan da bai, baina Zangoza piztuta geldituko da luzaroan; izan ere, egunaren amaieran antolatzaileek egin duten balorazioaren arabera, "oso positiboa" izan da eguna, eta eremu eta ekintza guztiak, oro har, "arrakastatsuak" izan direla nabarmendu dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, azken egunetako euriteek kalteak egin zituzten eremuetan eta aparkalekuetan, eta, beraz, "azken egunetan atsedenik gabe lan egin da eremu eta aparkaleku horiek egokitzeko eta Zangoza bisitatu duten milaka pertsonak baldintza egokietan egoteko", eta baita lortu ere.
Era berean, Zangozako Ikastolak eskerrak eman dizkie Nafarroa Oinezera gerturatu direnei, "Nafarroako ikastolei laguntzeagatik". "Biziki eskertu nahi die bisitarien pazientzia aparkalekuetako sarreretan eta irteeretan, eta antolakuntzaren jarraibideei kasu egin izana".
Goizetik herria pizten
Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen aldeko jaia, ospatu dute gaur Zangozan. Txalapartaren soinuak esnatu du herria, eta 10:00etan egin dute irekiera ekitaldia. Aurkezleak "Piztu Nafarroa Oinez!" oihukatu duenean, Nagore Oria Telletxeak, ikastolako zuzendariak, eta Carlos Arcelus Rotak, lehendakariak, argi-zuzi bat ekarri, eta sua piztu dute.
Zangozako Ikastolako lehendakariak auzolana eta jasangarritasun energetikoa azpimarratu ditu, ikastolen izaeran garrantzi handia duten bi balio, hain zuzen ere. "Auzolana hitz bat baino askoz gehiago da; gure balioen isla da. Eskuak, bihotzak eta borondateak elkarbanatutako helburu baten alde batzea da: euskara loratuko den eta belaunaldi berriak beren hizkuntza, kultura eta tradizioetan errotuta haziko diren etorkizuna bermatzea. Jarduera bakoitzak, irribarre bakoitzak eta gaur egun egiten dugun urrats bakoitzak gure ikastolen jarraipenari eta hizkuntza eta kultura aniztasuna defendatzen duen hezkuntza eredu kooperatiboari laguntzen die", esan du.
Nafarroako eta Euskal Herri osoko ordezkariak izan dira Zangozako Ikastolan. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak ikastolek euskararen bidez lurraldea egituratzen izan duten rola azpimarratu du, "hizkuntza hezkuntza-proiektuaren ardatzean jarriz". Gogora ekarri duenez, "iraganean, euskaraz ikastea ezinezkoa zenean, Nafarroako herri askotan, hor egon ziren ikastolak. Hizkuntzen bizikidetzaren alde lan egiten dute, eta harro erakusten dute gure kultura eta gure hizkuntza, euskara, bizirik dagoen ondarea dela", adierazi du.
Ekitaldian zehar, lau argi-zuzi piztu dituzte, 2024ko Nafarroa Oinezen helburu bakoitzeko bat: kalitatezko hezkuntza euskalduna, auzolana, jasangarritasun energetikoa eta baliabideak.
Zangozako Ikastolak bere historiaren lehen pasarteak idazten ausartu ziren pertsonak omendu ditu aurten, Batzarreko lehen kideak eta horien bikotekideak, horien "lana, ausardia eta konpromisoa" eskertzeko. Batzarra osatzen zuten gizonak eta etxea eta seme-alabak zaintzen geratu ziren emakumeak omendu dituzte, elkarrekin eta auzolanean Zangozako Ikastola aurrera eraman dutelako.
Horren ostean, Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak datorren urtean Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastolari pasatu dio lekukoa, Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolari, hain zuzen ere. Iñaki Erroz Aizkorbe, zuzendaria, eta Maider Nuin Lopetegui, lehendakaria, igo dira lekukoa hartzera.
Milaka lagun jaiaz gozatzen
Behin ekitaldia amaituta, ibilbidea bisitatzeko unea heldu da. Ordezkariek eta gonbidatuek 3,5 kilometroko ibilbidea egin dute "Piztu", "Mintzatu" eta "Gozatu" guneak ikusteko. Eguraldia lagun, milaka lagunek gozatu dute egunaz Zangozan.
Zure interesekoa izan daiteke
Rigloseko suteak hobera egin du eta dena prest dago ebakuatutako bizilagunak euren etxeetara bueltatzeko
Sutearen zatirik handiena, 17.500 hektarea baino gehiago erre dituena, egonkortuta dago, sektore batzuen faltan.
49 urteko motor-gidari bat larri zauritu da Arrietan izandako istripu batean
Ezbeharra 17:00 inguruan gertatu da, NA-1720 errepidean Arrietan parean (Artzibar). Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez, aurrez aurre talka egin dute autoak eta zauritutako gizona zihoan motorrak.
Sabino Ormazabal ekintzaile eta bakezale nekaezina zendu da, 72 urte zituela
Kazetaritza, antimilitarismoa, ekologismoa, giza-eskubideak eta desobedientzia zibila izan ditu ardatz donostiarrak bere bizitza osoan zehar. Gizarte-mugimenduetan murgilduta beti, Eusko Legebiltzarrak izendatutako polizia-gehiegikeriaren eta giza eskubideen urraketen biktimen aldeko batzordean parte hartu zuen 2013tik.
Pertsona bat hil eta beste bat larri zauritu da Zallan, auto batek eta kamioi batek talka eginda
Hildakoa turismoaren gidaria da, 51 urteko gizona; haren bidaiaria, berriz, 48 urteko emakumea, ospitalera eraman dute.
Espainiako Gobernuak aldi baterako 1.500 harrera-plaza gaitu ditu Ceutan, migrazio-presioaren aurrean
Elma Saizek iragarri du harrera-sistema arintzeko lau gune berehala zabalduko direla, eta erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du.
Bilboko konpartsek kuotak ezarri dituzte euskarazko musikarentzat txosnetan, % 27 baino ez dela egiaztatu ondoren
Konpartsek kanpaina bat aurkeztu dute jaietan euskararen erabilera indartzeko, eta txosnetan euskarazko musikaren proportzioa handitzeaz gain, beste aldaketa batzuk ere egin dituzte erabilera areagotzeko.
Zuia egoera larrian dago ur faltagatik, eta zisterna-kamioiak eskatu dizkio Aldundiari
Udalak igerilekuak betetzea, baratzeak eta lorategiak ureztatzea eta ibilgailuak garbitzea debekatu du, Baias ibaiaren ur-emaria jaisten ari delako.
Tessy Ebosele euskal atleta biral egin da sareetan "iruzkin krudelak" salatu ostean
Tessy Ebosele atleta arabarra, birala egin da Europako Atletismo Txapelketan parte hartu ondoren egindako adierazpenengatik. Gasteizen bizi den luzera-jauzilariak gogor kritikatu du atletek sare sozialetan jasotzen dituzten iruzkin negatiboak, eta esan du halako mezuek sekulako eragina dutela lehiatzerako orduan. Malkoak begietan, argi baino argiago hitz egin du.
Llantenoko sutea itzaltzeko lanean jarraitzen dute, garrak kontrolpean hartu ondoren
Laudioko, Langraizko eta Espejoko parkeetako suhiltzaileak, Nekazaritza Brigadako kideak, basozainek gidatutako bulldozerrak eta Larrialdietako helikopteroa lanean ari dira.
Laia eta Oihan, jaioberrien izen ohikoenak Euskadin
2025ean jaiotakoen artean izen arruntenak Laia, Ane eta June, eta Oihan, Markel eta Martin izan dira.