"Taupa, euskaltzaleen mugimenduak" jarraituko dio Euskaltzaleen Topaguneak hasitako bideari
Euskaltzaleen Topaguneak aro bat itxi eta berri bati ekin dio larunbat honetan. Bilboko Kafe Antzokian egin duten ekitaldian, "Taupa, euskaltzaleen mugimendua" aurkeztu dute ofizialki, Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuko dituen mugimendua, euskaltzaletasuna indartu eta zabaltzeko.
Topaguneak euskara elkarteak batzen zituen orain arte, eta euskara elkarteak izango dira Tauparen muina orain ere, baina hemendik aurrera, elkarteetan antolatuta egon gabe ere, euskararen alde ekarpena egin nahi duten herritarrek euskaltzaleen mugimendura batzeko aukera izango dute, eta elkarterik ez dagoen herri eta eskualdeetan bizi diren euskaltzaleek nazio mailako erreferentzia berri bat izango dute.
Hala, taupamugimendua.eus webgunea estreinatu dute, mugimendu honetan parte hartzeko bideak eskaintzeko euskaltzaleei. "Bakoitzak aukeratzen duen eran parte hartzea da helburua, nahi duena ematea mugimendu horri", azaldu du Jon Zapata Taupako Aktibazio arduradunak.
Aktibismoaren egungo joerak aintzat hartuz, egiteko molde eta antolatzeko modu berri batzuei emango die bidea mugimendu berrituak. Hala, komunitategintzan indarra jarriz, euskararen aldeko konplizitateak orain arte baino esparru gehiagotara zabaldu nahi ditu Taupa mugimenduak.
Dagoeneko abian diren ekintzak sustatzea izango da ekintzetako bat, eta aktibismo digitala zein kaleko aktibismoa erabiliko dituzte horretarako. "Gure hipotesia da herritarrak aktibatzeko eta saretzeko aukera gehiago eskainiz irismen handiagoa lor dezakegula", azaldu du Zapatak, eta "euskarak eta batez ere euskaldunok halako mugimendu bat behar dugu", erantsi du.
Epe motz eta ertainera, Euskaraldian jarri du begirada Taupak, milaka herritar aktibatzen dituen ariketa sozial masibo bat izanik, "ariketa bera gainditu, eta euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua sendotu eta jendea saretzeko". "Datozen hilabeteetan, taupada guztiak Euskaraldiaren erritmoan jarri behar ditugu, berriz ere, erraldoia izan dadin. Pentsa, 320.000 herritar baino gehiago dira noizbait ahobizi edo belarriprest gisa parte hartutakoak; 10etik 1 euskaltzaleen mugimendura batzea lortuko bagenu, zertarako gai izango ginateke?", hausnartu dute.
"Euskarak behar duen jauzia eragiteko, jendartea gehiago inplikatzea lortu behar dugu. Euskaltzaletasuna indartu eta zabaltzeko premia dugu, eta, horrekin batera, epel edo hotz dauden pertsona eta sektoreak posizio aldekoagoetara erakarri behar ditugu", adierazi du Irati Iciar Taupako lehendakariak.
"Mugimendu gisa irekidura ariketa bat egin nahi dugu, sustatzen ditugun imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, eta egiteko modu berriak probatzeko", hausnartu, eta "herrigintzan dago gakoa" nabarmendu du, hala ondorioztatu baitute, 28 urteko ibilbidean: "Herrigintzatik egin izan dugu euskararen alde, eta horretan sakondu behar dugu". Hala, herri mailako prozesu komunitarioak sustatzen ari direla azaldu du; euskaltzaleak eta euskaratik urrunago egon izan diren herritar eta eragileak elkarrekin aritzera gonbidatzen dituzte, etorkizunerako nahi duten herria elkarrekin irudikatzeko eta eraikitzeko, "gurean ez baita prozesu eraldatzailerik izango euskararik gabe, eta euskarak ez baitu etorkizunik izango eraldaketa sozialik gabe", erantsi du.
Erabileraren aroa
"Erabileraren aroa" bultzatu nahi du Taupa mugimenduak. Jasone Mendizabal Taupako koordinatzaile orokorrak azaldu duenez, "aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, egun euskararen alde gabiltzanon erronka erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea" izango da.
Bide horretan, argi dute luzaroan beharko direla "egoera eta eremu ezerosoetan euskaraz mintzatzen diren euskaltzaleak", baita hiztunen borondatea bakarrik ez dela aski, eta, horregatik, euskarak "agenda publikoan lehentasuna" izan behar duela aldarrikatu du Mendizabalek. "Egiturazko baldintzetan ere eragin beharko dugu bizi dugun larrialdi egoera iraultzeko. Euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko du, adostasun sozial, politiko eta instituzional berriak josi beharko dira, eta orain artekoak baino anbiziotsuagoak izango diren neurriak hartu".
Zure interesekoa izan daiteke
Hondarribiko jaietan gertatutako hiru eraso matxista salatu ditu Udalak, eta bi gizon atxilotu dituzte
Udalak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak "irmo" gaitzetsi ditu. Bestalde, Ertzaintzak 21 eta 42 urteko bi gizon atxilotu ditu, sexu erasoa eta emakumeen aurkako indarkeria leporatuta, hurrenez hurren. Halaber, hirugarren pertsona bat ikertzen ari dira.
Gizon bat atxilotu dute Berriozarren, labanak eskuan hartuta bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratzeagatik
Bikotekide ohiari eraso egiten saiatu ondoren, garaje bateko segurtasun kamerak kendu eta emakumearen ibilgailuaren gurpilak zulatu zituen.
Gasteizko Alde Zaharra birgaitzeko plan berriak 35 hotel jartzea baimenduko du
Alde Zaharraren 'Birgaitze Integraturako Plan Berezia' izeneko ituna adostu dute PSEk, EAJk eta PPk. Plan horren arabera, lekuz aldatuko diren tabernei lizentzia mantenduko zaie, eta eraikin osoetako 35 hotel, gehienez jota, jarri ahalko dira.
Iaz baino sagar gutxiago bilduko dira aurten, baina indar handia dakarte sagardorako
Sagar uztaren aurkezpena egin dute Villabonako Otalarre sagastian; izan ere, lehortea dela eta ohi baino lehenago hasi dira batzen aurten sagarra. Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak adierazi duenez, iazkoarekin alderatuta, % 60 murriztu da bildutakoa. Guztira, milioi bat eta erdi kilo jasotzea aurreikusi dute. Usain eta gustu handia izango dutenez sagarrek, sagardoak alkohol gehiago izango du.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du euskal administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak memoria ekonomikoan dauden gabeziengatik baliogabetu du Voxek errekurritu zuen araua.
Ehun bat ikuskapen egin dituzte uda honetan EAEko udalekuetan
Eusko Jaurlaritzak hiru ikuskatzaile-plaza sortu zituen, Bernedoko udalekuetan adingabeen sexu-askatasunaren aurkako ustezko delituak salatu ondoren.
Lukas Aguirreren hilketagatik zigor handiena duenak helegitea aurkeztu du, homizidio delitu gisa epaitu dadin
Defentsak Auzitegiari eskatu dio 20 urteko zigorra murriztu dezala, argudiatuz hilketa borroka batean jazo zela eta akusatuak politoxikomaniaren muturreko koadro bat zuela. Donostiako erdiguneko diskoteka baten kanpoaldean gertatu zen, 2022ko abenduaren 25eko goizaldean
Pisako emaitzak hobetzeko autoexijentzia eta Hezkuntza Sistemarekiko konfiantzaren alde egin du Pedrosak
Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketan Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, ikasleen irakurketa gaitasuna hobetzeko neurriak ezartzen ari dira ikastetxeetan, PISA txostenaren emaitza txarren ondorioz.
Nafarroako bizilagun bat identifikatu dute Internet bidez debekatutako armak saltzeagatik
Guardia Zibilak webgunea behin-behinean blokeatu du, eta titularra administrazio-zehapena jartzeko proposatu du.
Bonelli arranoa itzuli da: bi kume jaio dira eta itxaropena berpiztu da Nafarroan
Urteetan, Bonelli arranoa desagertzeko zorian egon da Araban eta Nafarroan. Ale berriak ekarri dituzte eta bertakoekin ugaldu dira. Kumeak izan dituzte, bi, Nafarroan: Ida eta Ondallu.