Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei Iparraldera sartzen laguntzeagatik auzipetutakoen epaiketa
Gaur, asteartea, egitekoak ziren Baionan migratzaileei laguntzeagatik auzipetu zituzten zazpi militanteen aurkako epaiketa, baina urriaren 7ra atzeratu dute, defentsak egindako auzi aurreko galderak aztertzeko denbora behar dutelako.
Korrika igarotzen zela baliatuta, 36 migratzaile Ipar Euskal Herrian sartu ziren, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuta. Zazpi lagun auzipetu ditu Frantziako Justiziak kasu horregatik, migratzaileei laguntzea leporatuta.
Atzerapen hori lehen urrats modura hartu dute auzipetuek Baionako Auzitegian elkartasuna adierazteko bildu diren dozenaka lagunen aurrean, eta borrokan jarraitzeko deia egin dute.
Hain zuzen ere, azken asteetan martxan jarri duten 'J'acusse' izeneko kanpainan 3.513 lagunen auto-inkulpazioa lortu dituzte.
Auzipetutakoen artean kideak dituen LAB sindikatuak Europako migrazio politikak kritikatu ditu. Endika Perezen hitzetan, herritarrak "hiltzera kondenatzen dituzten politika horiek dira epaitu behar direnak".
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak