Bi pertsona ospitaleratu dituzte Erandion piztutako sute baten ondorioz
Bost pertsona artatu behar izan dituzte ostiral arratsaldean Erandion (Bizkaia), kea arnastu baitute etxebizitza-bloke batean piztu den sutearen ondorioz, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Sua 18:30ean piztu da, Ibarra kaleko 5. atarian, egurrezko egitura duen eraikin batean.
Sugarren ondorioz, bost pertsona erreskatatu behar izan dituzte suhiltzaileek, eta horietako bi Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dituzte.
Suhiltzaileek kontrolpean hartu dute sua, eta garrak itzali ostean, eraikina aireztatzeari ekin diote.
Guztira, bederatzi familiak eman dute gaua hotel batean, sutearen ondorioz euren etxebizitzetan kalteak izan baitira. Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Erandioko Babes Zibileko arduradun Jesus Rodriguezek azaldu du sutea izan den blokeko eta aldameneko eraikineko bizilagunek hotel batean emango dituztela egun batzuk, horien etxebizitzetan izandako kalteak aztertu arte.