Heriotza kopurua % 2,1 hazi zen EAEn 2024ko udan
2024ko hirugarren hiruhilekoan 5.239 pertsona hil ziren EAEn, 2023ko epe berean baino % 2,1 gehiago, bereziki uztailean izan zen gorakada handiagatik.
Hilabete horretan aurreko urtean baino % 15,8 pertsona gehiago hil ziren, eta abuztuan eta irailean behera egin zuen kopuruak, % 2,1 eta % 6, hurrenez hurren.
Hildakoen kopurua handitu egin zen iazko udan Araban eta Bizkaian, eta apaldu, Gipuzkoan. Araban 709 pertsona hil ziren, eta Bizkaian, 2.832. Hala, lehenengoan % 8,6ko gorakada izan zen, eta % 3koa bigarrenean, 2023ko datuekin alderatuz gero.
Eustaten datuen arabera, Gipuzkoan 1.698 pertsona hil ziren, eta hori aurreko urtean baino % 1,7 gutxiago da.
Datuak paretsuak dira sexuaren araberako kopuruei erreparatuta, 2.631 emakume (% 3,9 gehiago) eta 2.608 gizonezko (% 0,4 gehiago) hil baitziren.
Horietatik guztietatik, urtebete baino gutxiago zuten 6k, eta 100 urte baino gehiago, 90ek.
Heriotzaren eragile nagusiak tumoreak eta zirkulazio sistemarekin lotutako gaixotasunak izan ziren, guztizkoaren % 53.