Zupiriak asteazkenean egingo du agerraldia, Donostian atxilotu zuten emakumeari buruzko azalpenak emateko
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak asteazkenean egingo du premiazko agerraldia Eusko Legebiltzarrean, otsailaren 2an Donostian Ertzaintzak egindako jardunari buruz informatzeko. Ertzaintzak 32 urteko emakume kolonbiar bat atxilotu zuen, baina Zainketa Berezien Unitatean ospitaleratu behar izan zuten gero.
Zauritutako emakumeak hobera egin du. Medikuen azken partearen arabera, iktusa izan zuen, ez burezurreko traumatismoa.
Zupiriak azaldu zuen oraingoz ez dutela neurririk hartu atxiloketa horretan parte hartu zuten ertzainen aurka, "ondo edo txarto" aritu ziren egiaztatu arte.
Sailburuak nabarmendu zuen Ertzaintzaren Gipuzkoako buruek hurrengo egunean "barne-prozedura guztiak" abiatu zituztela gertatutakoa argitzeko.
Horren ildotik, gaur egun hiru ikerketa daude abian: barne-ikerketa, Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearena eta Donostiako Udaltzaingoarena.
EITBk Karen Daniela Agredorekin hitz egin zuen. Horren esanetan, egun hartako 06:00etan dantzaleku batetik atera zen bikotekidearekin batera, eta gizona beste batekin "eztabaidatzen" hasi zen. Ondoren, Ertzaintza iritsi zen, eta eskuburdinak jarri zizkion mutil-lagunari. "Oihuka hasi nintzen, esanez bikotekideak ez zuela ezer txarrik egin, eta bi polizia nire gainera etorri, eta kolpeka hasi zitzaizkidan", gaineratu zuen.
Emakumearen hitzetan, konortea galdu zuen, eta berreskuratu zuenean polizia-etxean atxilotuta zegoen, gorputzaren ezkerraldea mugitu ezinik. "Medikuak esan dit buruko isuria izan dudala ezkerraldean; ez dut mugikortasunik bertan, eta bi ebakuntza egin behar dizkidate", azaldu zuen.
Horren arabera, gau hartan urduri zegoen, "baina ez nuen agenterik jo". "Justizia nahi dut", azpimarratu zuen.
Zure interesekoa izan daiteke
Gasteizko parrokiek aldi baterako estalpea eman diete asiloaren zain dauden Maliko migratzaileei
San Joakin eta Santa Ana parrokiak eta Elurretako Andre Mariarenak ateak ireki dizkiete 20 maliarri. Salburuako Auzo Elkarteari esker, beste 20 etorkinek gutxieneko zerbitzuak dituzte. Asilo eskaerak tramitatzeko hitzorduak lortzea eragozten dien blokeoa tarteko, 300 maliar baino gehiago igaro dira jada Gasteiztik iazko udaz geroztik.
Bilbon arma zuriz egindako eraso baten egilearen bila ari da Ertzaintza
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 15:00ak aldera jakinarazi diote Ertzaintzari gizon bat zaurituta zegoela Bilbo Zaharrean. 33 urteko biktimak arma zuriz egindako zauriak zituen, eta Basurtuko Ospitalera eraman dute.
Amaitu dira pilaketak N-1 errepidean, Andoain parean
Bi kamioik eta auto batek ezbeharra izan dute 15:15ean, Donostiarako bidean. Ibilgailu astunek guraizearena egin dute, eta bidea trabatzen geratu dira. Ilara luzeak sortu dira, baina 18:45erako konponduta zeuden arazoak, eta zirkulazioa ohikoa zen.
Airearen kalitatea "egokia" da Iurretan, Smurfit Kappa paper fabrikan sutea piztu eta biharamunean
Iurretako Udalak nabarmendu duenez, gaur egindako analisien arabera, "ez dago osasunerako inolako arriskurik"; are gehiago, atzotik "parametroek behera egin dute" euriari esker. Suhiltzaileek gau osoa eman dute sua itzaltzen, eta han geratu dira, erretako materiala bustitzen. N-634 errepidea gaur goizean zabaldu dute berriro.
AP-8 autobidea itxiko dute Deban bihar, zuhaitzak mozteko
07:00etatik 20:00etara egongo da itxita, Bilborako bidean, eta trafikoa bypass baten bidez zuzenduko dute, Behobiarako bidea erabilita.
La Salleko ikasle ohiek egia eta erreparazioa eskatu dituzte Patxi Ezkiagaren biktimentzat
Ikasle ohiek elkarretaratzea egin dute hainbat hamarkadatan izandako sexu abusuak salatu eta ikastetxeari premiazko aldaketak eskatzeko.
Gizon bat atxilotu dute Bilbon hilketa saiakeragatik
31 urteko gizon bat larri zauritu zuen, hiru labankada emanda, eta biharamunean atxilotu zuten, Zazpikaleetan.
Bi pertsona hipotermiak jota erreskatatu dituzte Igeldoko kala batean
Suhiltzaileak ur motorrekin iritsi dira Tximistarrira, eta bertan ez aurrera ez atzera zeuden bi pertsonak portura eraman dituzte, eta handik ospitalera.
Paper fabrika batean piztutako sute handi batek Iurretan eta Durangon errautsa egotea eragin du
Ez da inor zauritu Smurfit Kappa enpresaren kanpoaldean piztutako sutean. Suhiltzaileak kontrolpean dute sua, baina lanean jarraitzen dute N-634 errepidean, eta bi noranzkoetan itxita dago.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Iparraldean euskara sustatzeko 2,47 milioi euroko fondoa eratuko dute
2025-2029 aldirako hitzarmenaren esparruan, 2026. urterako lankidetzaren ildoak jakinarazi dituzte. Batera egingo dituzten proiektuez gain, 2,47 milioi euro bideratuko dituzte Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzera.