Airearen kalitatea "egokia" da Iurretan, Smurfit Kappa paper fabrikan sutea piztu eta biharamunean
Iurretako Udalak nabarmendu duenez, gaur egindako analisien arabera, "ez dago osasunerako inolako arriskurik"; are gehiago, atzotik "parametroek behera egin dute" euriari esker. Suhiltzaileek gau osoa eman dute sua itzaltzen, eta han geratu dira, erretako materiala bustitzen. N-634 errepidea gaur goizean zabaldu dute berriro.
Iurretako Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko udalerri horretako airearen kalitatea aztertzeko egindako neurketek "dena ondo" dagoela baieztatu dute, eta, beraz, "ez dago osasunerako inolako arriskurik".
Sutea atzo arratsaldean piztu zen Smurfit Kappa paper fabrikaren kanpoaldean. 50 bobina paper erre ziren, Udalaren arabera.
Erretakoa papera zenez, errautsa inguruko herrietara heldu zen. Atzo bertan, neurketak egin zituen Osasun Sailak, eta "guztiak zuzenak" izan zirela jakinarazi zuen.
Gaur, badaezpada, neurketa gehiago egin dituzte, eta "dena ondo" dagoela baieztatu dute berriro ere; are gehiago, atzotik "parametroek behera egin dute" euriari esker.
Bien bitartean, kiskalitako materiala "mugitzen eta bustitzen" jarraitzen dute Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek. Luze joko omen du guztiz amatatzea.
160.000 euroko galerak
Smurtif Kappa lantegiko zuzendaritzak ETBri azaldu dionez, lantegiaren kanpoaldean pilatuta zeuden 400 tona paper bobina erre dira sutean, eta guztira 160.000 euroko galerak izan dituzte.
30 urtean ez da horrelako suterik izan, eta ikerketa abiatu dute zerk eragin duen argitzeko.
Bestalde, 14 orduz itxita egon den N-634 errepidea gaur goizean zabaldu dute berriro. Atzo bidetik oso gertu zeuden garrak, eta Ertzaintzak errepidea itxi zuen, badaezpada, bi noranzkoetan. AP-8 autobideak Iurretan duen ordainlekua ireki zuten, Iurreta eta Zornotza artean doan erabili ahal izateko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera