Ertzaintzak ikerketa abiatu du Usurbilgo goi-tentsioko dorreak araudia betetzen zuen egiaztatzeko
Joan den larunbatean Usurbilen (Gipuzkoa) goi-tentsioko dorre batera igo eta elektrokutatuta zauritutako adingabeen kontura, Iberdrolak nabarmendu du goi-tentsioko dorreak berak eta lursailak jabego pribatua dutela, eta jabeari dagokiola "segurtasuna mantentzea eta dorrearen sarbidea mugatzea, baita derrigorrezko segurtasun-neurriak hartzea ere".
Argindar konpainiak oharra atera du gaur, astelehenarekin, Usurbilgo Udalak Errota Berri inguruan gertatutakoaren harira egindako eskaera dela eta. Udalak herrigunean dauden dorreak ikuskatu eta babesteko eskaria egin zuen atzo, bertara igotzea hain erraza dela ikusita. Iberdrolak argitu du ez dagokiola berari dorre hura babestea, lursail pribatu batean baitago.
Iberdrolak gertatutakoa deitoratu du, eta zauritutakoei lehenbailehen osatzea opatu die. Nabarmendu duenez, istripuaren gainekoak ikertzeko abiatzen diren izapideetan parte hartzeko prest dago. Gainera, zehaztu du ezbeharra gertatu eta berehala argindarra kendu zutela inguruan, biktimak modu seguruan erreskatatu ahal izateko.
Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak ez du arduren eztabaidan sartu nahi izan, eta gogora ekarri du Ertzaintzak ikerketa abiatu duela zehazteko dorre horrek "araudia betetzen" ote zuen eta hura babestea "nori dagokion". "Halako ikerketek denbora behar dute, beraz, zer esango zain gaude", erantsi du. Goi-tentsioko dorreen segurtasuna Udalaren eskumena ez izan arren, azpimarratu du horrek ez duela esan nahi Udala "arduratuta ez" dagoela, eta aurreratu du, behin ikerketaren emaitzak eskuan, baloratuko dutela neurri zuzentzailerik edo bestelakorik hartu behar ote duten.
Kontu hori gorabehera, nabarmendu du zauritutako adingabearen egoerak kezkatzen dituela. "Hori da orain garrantzitsuena", gaineratu du.
Ondo seinaleztatuta
Oihane Abarrategi EHUko Ingeniaritza Elektronikoko irakasleak argitu duenez, legeak ez du dorrea hesitzera behartzen, "komenigarria" dela jasotzen badu ere. Hala, nahitaezkoa den neurri bakarra da deskarga elektrikoa jasotzeko eta, beraz, hiltzeko arriskua dagoela ohartarazten duen seinalea jartzea. Izan ere, deskarga elektrikoa jasotzeko ez da beharrezkoa kablerik ukitzea, nahikoa da argindar tentsioa dagoen eremura hurbiltzea.
11 urteko mutikoa, larri
Gertakarian bi adingabe zauritu ziren. Horietako batek, 11 urteko mutikoak, Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) Erredura Handien Unitatean jarraitzen du ingresatuta; larri, baina egonkor. Atzo lau orduko ebakuntza egin zioten umeari.
Zauritutako bestea, 15 urteko neskatoa, Donostia Ospitalera eraman zuten, eta sendagiria eman diote dagoeneko.
Gertaerak larunbat arratsaldean jazo ziren, 18:10ean, Usurbilgo Errota Berri inguruan. Hiru adin txikiko Atxega jatetxean zeuden, familiako ospakizun batean, eta handik irten eta goi-tentsioko dorrera igo ziren bi lehengusu-lehengusin.
Lekukoen arabera, eztanda moduko bat entzun zen, eta argia joan zen industrialdean.
Dorrera igo ez zen haurra ostatura itzuli zen abisu ematera, eta, bitartean, inguruan ziren bi helduk larrialdi-zerbitzuetara deitu zuten.
Ertzaintzak, Donostiako suhiltzaileek eta udaltzainek hartu zuten parte erreskatean.
Mota honetako istripuak ohikoak ez diren arren, azken urtebetean Euskal Herrian hainbat izan dira. Urtarrilean, 57 urteko gizonezko bat hilda topatu zuten Gamarran (Gasteizen), elektrokutatuta. Iazko ekainean, 15 urteko mutiko bat hil zen Sopelan (Bizkaian), antzeko gertakari batean.
Zure interesekoa izan daiteke
Elkarbizitza arazoak bainularien eta erabiltzaileen artean Euskal Herriko portuetan
Uretara salto egitea ohikoa da Euskal Herriko portuetan, debekatuta dagoen arren. Hori dela eta, bizikidetza-arazoak sortzen ari dira. Zenbait portutan jokabide arriskutsuak ikusten dira eta kalteak izan dira ontzietan. Eusko Jaurlaritzak egoeraren larritasunaz ohartarazi du, eta 2.000 eta 12.000 euro arteko isunak ezar daitezkeela gogoratu du.
Euri eskasiak hilabete eta erdi aurreratu du transhumantzia Nafarroan
Pirinioetatik Bardearako bidean, Enrique Ballent artzain transhumantearekin izan gara. 1.800 buruko artaldea gidatuko du, bazka bila. Izan ere, klima aldaketaren kontraesanak tarteko, jateko gehiago dago basamortuan goi mendietan baino.
Oiartzunen ustez pistolarekin egindako hiru lapurreten egilea atxilotu dute Hondarribian
23 urteko gaztea espetxeratu egin dute. Lapurretetan erabilitako arma fogeo-pistola bat zela egiaztatu dute.
Gizon bat atxilotu dute Getxon, kalean emakume bati sexu erasoa egiten harrapatu ostean
Erasoa 05:00etan jazo da, Algorta auzoan, San Inazio jaietan. 19 urteko biktima Gurutzetako Ospitalera eraman dute. Algortako Mugimendu Feministak eraso matxista salatzeko bilkura egin du igande arratsaldean.
Auroroek Andre Maria Zuriaren jaien etorrera iragarri dute
Urtero bezala, Gasteizko hirigunea eta Alde Zaharra zeharkatu dituzte zaindariaren omenezko kantuekin, jai-giroari hasiera emanez.
Testigantza berriek agerian utzi dituzte Mitikako zaindariek Kerman Villate hil aurretik behin eta berriz egindako erasoak
Gasteizko diskoteka horretako segurtasun-langileek Kerman hil aurreko hilabeteetan egindako eraso jakin batzuen berri eman dute lau gaztek Radio Euskadin, esklusiban, erreportaje batean. Kasu guztiak Ertzaintzaren aurrean salatu zituzten.
Bizkaiko Aldundiak zisterna kamioiak eramango ditu Karrantzara ur hornidura bermatzeko
Astelehenetik ostiralera, 250 metro kubiko garraiatuko ditu egunero foru erakundeak Enkarterriko udalerriko hornidura bermatzen laguntzeko.
17 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gipuzkoan, adingabeak estortsionatzen zituen 764 Sarearen Espainiako buruzagitzat jota
Ertzaintzak, Esquadra Mossoek eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako operazioan atxilotu dute, 2026ko urtarrila eta apirila bitartean ikastetxeen, udalen eta beste erakunde batzuen aurkako mehatxu ugari bidali izana egotzita.
Ikuskizunetako teknikariek abuztuaren 5erako deitutako grebarekin bat egingo dute Gasteizko txosnek
45 ikuskizun izango dira txosnetan, eta, horrez gain, beste hamaika proposamen kolektibo ezberdinen eskutik. Dozenaka kolektibok eta ehunka boluntariok dihardute egunotan auzolanean txosna gunea egokitzen. Testuinguru horretan, ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek abuztuaren 5erako deitutako greba egunarekin bat egingo dute.
Motor gidari bat hil da Lezon izandako trafiko istripu batean
Istripua GI-3440 errepidean gertatu da, Lezon, 18.00ak aldera. Osasun arloko langileak bertaratu dira, baina ezin izan dute suspertu, eta hil egin da. Istripuaren ondorioz, zirkulazioa eten egin behar izan dute bi noranzkoetan. Gertatutakoaren nondik norakoak ikertzen ari dira.