Donostiako Udalak San Bartolomeko merkataritza zentroa eraikitzeko proiektua geldiarazi du
Donostiako Udalak bertan behera utzi du San Bartolome muinoan merkataritza gune bat eta aparkalekua eraikitzeko proiektua, Eneko Goia alkateak ostiral honetan iragarri duenez.
Premiaz deitutako agerraldian, Goiak esan du hori dela momentu honetan "hartu dezakegun erabakirik onena", ondorio ekonomikoak izango baditu ere.
Halaber, Goiak azaldu duenez, kontrako jarrera ugari eragiten dituen proiektua da, eta aintzat hartu du azken hilabeteetan entzun duena.
Alkatearen arabera, hiriak proiektuari buruz 2014an izan zezakeen pertzepzioa "beste bat" zen, "argi eta garbi", eta 11 urte hauetan "aldatzen" joan da.
Edonola ere, proiektua aurrera ez eramateko oztopo nagusia San Bartolome Muinoa sozietatearen eta orubea erosteko interesa zuen enpresaren arteko desadostasuna izan da.
Goiaren esanetan, San Bartolome Muinoa sozietateak datozen egunetan planteatuko dio administrazio kontseiluari merkataritza zentroa eta aparkalekua eraikitzeko kontratua bertan behera uzteko. San Bartolome Muinoa sozietatea Donostiako inguru horretako lur jabeek eta Udalak osatzen dute. Udalak % 37ko parte-hartzea du, ez du gehiengorik, baina ez du aurreikusten arazorik izango denik.