Raul Asencio Real Madrileko futbolaria auzipetu dute, adingabe baten bideo sexualak partekatzea egotzita
San Bartolome de Tirajana herriko (Kanaria Handia) 3. instrukzio epaileak Raul Asencio Real Madrileko futbolaria eta klub horretako harrobiaren talde batzuetako hiru jokalari auzipetu ditu, bi emakumeren bideo sexualak partekatzea egotzita. Biktima horietako bat adingabea da.
Asencio ez ezik, Andres Garcia, Ferran Ruiz eta Juan Rodriguez jokalariak ere auzipetu dituzte.
Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, instrukzio epaileak amaitu egin du ikerketa. Orain, Fiskaltzak eta akusazioek karguak aurkeztu, eta epaiketa hastea eskatu ahalko dute.
Instrukzio epaileak hainbat delitu zantzu atzeman ditu, hala nola sekretuak azaleratzea, intimitatea urratzea, kaltedunen baimenik gabe haien bideoak beste pertsona batzuei igortzea, adingabeak helburu sexualetarako erabiltzea eta haur pornografiadun materiala edukitzea.