Ertzain-etxean jarraitzen du Barakaldon gizon bat kolpeka hil omen zuen gazteak
Igande honetan gizon bat hil duelakoan Barakaldon (Bizkaia) atxilotutako gazteak ertzain-etxean jarraitzen du atxikita, epailearen esku uzteko zain, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Leporatzen dioten hilketa igande goizean gertatu zen, zortziak aldera, Euskaldun Berria plazan. Ertzaintzak eta osasun zerbitzuek deia jaso zuten istilu batean gizonezko bat larri zaurituta zegoela ohartaraziz.
Ertzaintza, Udaltzaingoa eta osasun zerbitzuak bertaratu zirenerako, ordea, hilik aurkitu zuten gizona.
Lekuko batek EITBri azaldu zionez, gizon batek beste bati eraso egin zion harri batekin, eta kolpeka hil zuen. Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu zuen erasoaren egilea zelakoan, eta atxilotuta jarraitzen du, epailearen esku uzteko zain.