Euskal Herriko Unibertsitatea soilik EHU izango da aurrerantzean, UPV/EHU marka alboratuta
Euskal Herriko Unibertsitateak UPV/EHU marka erabiltzeari utziko dio, eta aurrerantzean EHU izango da. Unibertsitateak ohar bidez jakinarazi duenez, errektoretza taldeak gaurko Gobernu Kontseiluan aurkeztuko du marka eta irudi berritua.
Marka aldaketak ez dio logoari eragingo, eta orain arte bezala, Eduardo Chillidak sortutako arbola irekia izango da euskal unibertsitate publikoaren ikur nagusia. Halaber, logotipoari euskarria emateko kolore paleta korporatiboa gehitu du.
Unibertsitateak jakinarazi duenez, hartutako erabakiak helburu bikoitza dauka. Batetik, "unibertsitatearen irudia berritzea eta aro digitalera egokitzea, erraztea eta unibertsitatearen ikurrari garrantzi handiagoa ematea, Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarria hobeto isla dadin eta are identifikagarriagoa izan dadin"; bestetik, "nomenklatura bikoitzak dakarren arazoari konponbidea ematea; batez ere, saihestuko duelako EHU Valentziako UPVrekin (Universidad Politècnica de València) nahastea". "Era berean, eta ikuspegi teknikoago batetik, izena sinplifikatzeak eta zehar-marra alboratzeak indexazio akademikoa erraztu dezake", gaineratu du.
Aldaketak eragina izango du webgunean, dokumentu ofizialetan eta karteldegian. Hortaz, izenaren ondoan euskarazko akronimoa bakarrik agertuko da: EHU. Bide batez, Valentziako Unibertsitate Politeknikoarekin (UPV) nahasteak amaituko dira.
Marka berria ekainean aurkeztuko dute, Chillida Lekun.
Zure interesekoa izan daiteke
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean