NAZIOARTEKO EGUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Arrazakeriaren aurrean batuta eta irmo erantzun behar dela aldarrikatu du Melgosa sailburuak Afrikaren Egunean

Eusko Jaurlaritzako sailburuak Bilbon egin den ospakizunean parte hartu du eta "gorrotoaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren diskurtsoek Europan gero eta indar gehiago duten testuinguru honetan" ahotsa altxatzearen alde egin du. Aniztasuna gizartearen "aberastasuna" dela ere aldarrikatu du.
Melgosa sailburua beste hainbat ordezkarirekin gaur, Bilbon. Argazkia: EuropaPress
Melgosa sailburua beste hainbat ordezkarirekin gaur, Bilbon. Argazkia: EuropaPress

Afrika Eguna ospatu dute Bilbon larunbat honetan. Jaiaz gozatzeaz gain, aniztasuna aldarrikatu dute parte hartzaileek eta Europako migrazio politikak salatzeko ere baliatu dute hitzordua.

Afrikar Kontinentearen Nazioarteko Eguna dela eta, urtero ospatzen da Afrika Eguna Bilboko Harrotasuna izeneko topaketa, hogei bat elkartek sustatuta. Eguna topagune bihurtu da Afrikar jatorria duten herritarren eta Afrikaren alde lan egiten duten erakundeentzat.

Euskal Erakundeetako hainbat ordezkari izan dira bertan, besteak beste, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko kontseilaria eta Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako foru diputatua.

Goizean Itsasmuseumen egindako ekitaldian, Melgosa sailburuak "gorrotoaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren diskurtsoek Europan gero eta indar gehiago duten testuinguru honetan" ahotsa altxatzearen alde egin du eta aniztasuna gizartearen "aberastasuna" dela ere aldarrikatu du.

Sailburuak euskal harrera sistema goraipatu du, "erakunde publikoen eta hirugarren sektore sozialaren arteko lankidetzaren eredu" delako eta "giza duintasunaren eta benetako inklusioaren aldeko apustua egiten duen eredua" delako.

"Euskadin ez dugu harresirik nahi, eskuak luzatuta ditugu", esan du Melgosak, "xenofobia tresna politiko gisa erabili nahi dutenen aurrean, gure batasunak argia, sendoa eta hautsezina izan behar du", gehitu du.

Elkartasunean, aniztasunean, berdintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako bizikidetza kultura eraiki eta defendatzearen aldeko apustua egin du sailburuak, eta Euskadik "Afrika deskapitalizatzeko" duen konpromisoa berretsi du, "Euskadira etortzea erabakitzen duenak etsipenagatik ez, hautu hori egin duelako izatea nahi dugu", esan du.

Asilo-araudi berriari kritika

Afrika Eguna antolatzen duten kolektiboek oharra plazaratu dute Atzerritarren asilo eta babes araudi berriaren aurka, "giza eskubideen aurkako atentatu larria" delakoan, eta berrikusteko eskatu dute.

Era berean, "inoren kargura ez dauden adingabeei ematen zaien tratamendua eta erabilera mediatikoa" salatu dute, "ez baita zilegi alderdikeriaz erabiltzea, ezta aprobetxamendu politiko arrazista egiteko ere".

Antolatzaileek mendebaldeko herrialdeen "elkartasun eta gizatasun eza" ere salatu dute, "etorkinak euren mugetatik kanpo giltzapetzea ontzat ematen dutelako".

"Mendebaldeak babes eta laguntza behar dutenak baztertzen eta zapaltzen dituzten" asilo eta babes legeak sortzen dituela arbuiatu dute, "babes bila datozenak baztertuz eta kriminalizatuz".

Gainera, ohartarazi nahi izan dute "Mendebaldeko herrialdeetan asilo eta babes bila amaitzeko arrazoiak, besteak beste, mendebaldeko potentziek Afrikako diktadurekin duten konplizitatearen ondorio" direla, diktadura horiek "euren herria eta aberastasunak Europako eta AEBetako xantaiei saltzen dizkietelako".

Afrikaren Eguna ospatuko dute igande honetan Hondarribian, Afrikako emakumeen eskubideak ikusarazteko 

Bestalde, Hondarribian, lehen aldiz, 'Afrika Eguna' ospatuko da igande honetan, MankoSengal elkarteek eta emakume sahararrek antolatuta. Udalarekin lankidetzan, emakume afrikarren eskubideak ikusarazteko ekimenez antolatu dute egun hau, "ikuspegi feminista, dekolonial eta intersekzionaletik, sororitate espazioak eraikitzeko helburuz".

Kulturen arteko ibilbidearekin hasiko da eguna, 11:30ean, eta Madalen kalean amaituko da 12:30ean, manifestu bat irakurriz. 13:00etatik 14:00etara, trentza afrikarrak egiten erakutsiko dute baita wax oihalekin Senegalgo turbanteak egiten ere. Afrikako artisautzaren erakusketa bat ere egingo dute, bidezko merkataritzako irizpideekin.

Beste hainbat tailer ere izango dira eta 14:00etan, Senegalgo plater tipikoen dastaketa eskainiko da: Thieboudienne (Senegalgo arroz, arrain eta barazki plater tradizionala), Maffe (haragi-gisatua edo oilaskoa kakahuete-saltsarekin) eta Thiakry (artatxiki-semolaren postrea jogurt eta azukrearekin).

Bazkalostean, 15:00etatik 17:00etara, senegaldar musika eta dantza tipikoak izango dira, eta, ondoren, Senegalgo kirol praktika tradizionalen erakustaldia egingo da

Zure interesekoa izan daiteke

GRAFCAV1775. BILBAO, 07/04/2026.- La consejera de Bienestar, Juventud y Reto Demográfico, Nerea Melgosa, (c) el viceconsejero de Juventud y Reto Demográfico, Xabier Legarreta (d) y el director de infancia, adolencencia y familia Gorka Oraá presentan este martes las líneas generales del 'Día sin móvil: un reto para estar más cerca', que se celebrará el próximo 18 de abril en las tres capitales vascas. Observatorio Vasco de la Infancia, Adolescencia y la Juventud. EFE/Luis Tejido
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Mugikorrak alboratu eta familiaz gozatzeko gonbita, apirilaren 18an, EAEko hiriburuetan

Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Mugikorrik Gabeko Eguna Familian izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Familia inguruan teknologiaren erabilera kontzienteagoa sustatzea du helburu egitasmoak. “Ongizate emozionala zaintzeko eta senideekin egotearen balioa berreskuratzeko keinu txiki” gisa aurkeztu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.

Detenido un hombre en Berriz tras apuñalar a su mujer, herida de gravedad
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Manifestazioa deitu dute arratsalderako Berrizen, asteleheneko eraso matxista larria salatzeko

48 urteko gizonezkoa emaztea hiltzen saiatu zen Berrizen, eta emakumea helikopteroz eraman zuten Gurutzetako Ospitalera. Atxilotuak polizia-etxean jarraitzen du, epailearen aurrean deklaratzeko zain. Bestalde, Berangoko Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Amaiaren hilketa salatzeko. Apirilaren 1ean bikotekideak hil omen zuen, Basaurin, baina berangoztarra zen. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X