Arabako hiriburuak dituen bizikidetza arazoei heltzeko jaio da Gasteiz Anitza auzo-ekimen berria
Gasteiz Anitza jaio da, Arabako hiriburuan dituzten bizikidetza arazoei irtenbidea bilatzeko xedearekin, "ikusmolde integratzaile batekin" eta "auzotarren elkartasunari esker" jaio ere.
Larunbat honetan ernatutako auzo-ekimenak gasteiztarren esku-hartzean jarri nahi du arreta. Aurkezpen ekitaldian, gogora ekarri dute Gasteizen geroz eta pertsona gehiago bizi direla kalean, "pobrezia egoera betean", eta "erakundeak ez dira bitartekoak jartzeko gai".
Halaber, ohartarazi dute areagotu egin direla errefuxiatuenganako eta migratzaileenganako arbuioa eta beldurra. "Kriminalizatu egiten dituzte, eta erruduntzat jotzen dituzte benetan hirian dagoen bitarteko falta ezkutatzeko", salatu dute.
Horregatik, arazo horiei konponbidea bilatze aldera, egitasmo berri bat sortu nahi izan dute, "hiriaz harro sentiarazteko, guztiok garelako beharrezko, hangoak edo hemengoak izanik ere".
Hori horrela, "eredu berri honek nahi du bizilagunak hirian elkarbizitza defendatzeko antolatzea, eta gezurrezko dikotomiak alde batera uztea, elkartasuna lanabes nagusi gisa hartuta".
Manifestuan, auzo-ekimenak iritzi dio Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bitartekoekin hornitu behar dituztela lehenbailehen gizarte zerbitzuak.