Nelson David Moreno susmagarri nagusi den hilketa kasu bat berriz irekitzeko agindu du Konstituzionalak
Auzitegi Konstituzionalak 61 urteko gizonezko baten hilketari buruzko ikerketa berriz zabaltzeko agindu dio Bilboko 5. Instrukzio Epaitegiari. Nelson David Moreno da hilketaren susmagarri nagusia Bere egunean, epaileak artxibatu egin zuen kausa, ez zuelako ikusi heriotza indarkeriazkoa izan zela ebazteko zantzu nahikorik.
Nelson David Moreno Bolañosi (beste hilketa batengatik eta hilketa saiakeragatik berriki zigortua), bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion epaileak kasu zehatz honengatik, baina iruzur jarraituaren delitua egotzita, frogatuta gelditu baitzen hildako gizonaren bankuko txartelak erabili zituela erosketak egin eta dirua ateratzeko. Orduko hartan, epaileak ez zuen indarkeriazko hilketaren zantzurik ikusi eta hilketa delituaren akusazioa kendu zio.
Konstituzionala ez dator bat horrekin, eta hilketa izan daitekeela erakusten duten zantzuak badaudela uste du eta "froga-jarduera eskasa" leporatu dio magistratuari. Ebazpenaren arabera, diligentzia falta honek hildakoaren senitartekoen babes judizialerako eskubidea urratu zuen. Gainera, ez zieten hilketaren auzia artxibatu zenik komunikatu eta, beraz, ezin izan zuten errekurtsorik aurkeztu, ezta prozesu penalean parte hartu ere.
Auzitegiak indargabetu egin du artxiboaren autoa eta prozedimenduari berregiteko agindu du, "ikerketa sakonagoa eta eraginkorra" egiteko.