Euskararen ezagutzak gorakada handia izan du azken lau hamarkadatan
Euskararen ezagutzak aurrerapen handiak izan ditu azken lau hamarkadetan. Eusko Jaurlaritzaren 45. urteurrenaren aitzakian, igande eta astelehenean argitaratuko den EITB Data azterlanaren arabera, euskaraz hitz egiteko inolako gaitasunik ez dutenen kopurua % 61etik % 27ra jaitsi da.
Gaur-gaurkoz, Euskadiko Autonomia Erkidegoko 10 biztanletik 4k euskaraz ongi komunikatzeko gaitasuna du, galdetutakoen % 40,3k ongi hitz egiten dutela baitiote. Horri zailtasunen batekin hitz egiteko gai direnak batu behar zaizkio, biztanleen % 33, hain zuzen. Aitzitik, batere hitz egiteko gai ez direnak % 26,7 dira.
Irakurtzeko eta idazteko gaitasunari begiratuta, datuak antzekoak dira.
Ongi irakurtzen dutela aitortzen dutenak % 41,1 dira, eta % 25,6k diote irakur dezaketela baina zailtasun batzuk dituztela. Azkenik, % 33,4ren esanetan, ez dute euskaraz irakurtzeko gaitasunik. Idazteko gaitasunari dagokionez, % 38,6k ongi idazten dute, % 26,1ek zailtasunak dituzte eta % 35,4k ezin dute euskaraz idatzi.
EAEko berezko hizkuntzan hitz egin, idatzi edota irakurri ezin dutenen kopurua 30 puntu jaitsi da 1989tik, biztanleen % 60 baino gehiago baitziren orduan.