Eraso sexisten kontra, gelditu egin dira Iruñea eta sanferminak
Ehunka pertsonek erantzun diote hainbat kolektibo biltzen dituen Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformak egindako deialdiari eta Gazteluko plazara joan dira jaietan gertatu diren eraso sexistak salatzeko. Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu du igande honetan, hilaren 11ko sexu-erasoaren "erabateko gaitzespena" agertuz.
Iruñeko Gaztelu plaza, igande arratseko elkarretaratzean. EFE.
Sanferminen ospakizunak geldiarazi dute minutu batzuetan gaur Iruñean eta ehunka lagun elkartu dira Gazteluko plazan, azken egunotan izandako eraso sexistak salatzeko -horietako bat "intentsitate handikoa"-, eta "eraso matxistarik gabeko" jaiak eskatzeko.
Gaur arratsaldean izan da bilkura, Iruñeko erdigunean, Gazteluko Plazako agertokian. Eta gauero milaka lagun kontzertuetan alai gozatzen ikusi ohi den tokian bertan, bestelakoa izan da gaur arratsean irudia. Aurpegi serioak, minarenak, asperdurarenak, haserrearenak. Denak ere hainbat plataforma biltzen dituen Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformaren deialdiari elkarrekin eta ozen erantzuteko.
Plataformako ordezkari talde batek bi pankarta erakutsi ditu oholtza gainean, zeinetan euskaraz eta gaztelaniaz "No a la violencia contra las mujeres" eta "Eraso sexistarik ez" irakur zitekeen, azken hori Iruñeko Peñen Federazioak sinatua.
Eszenatokiaren azpian, jendez gainezka zegoen plaza, besteak beste, zezenketatik gaur isiltasunean atera diren sanferminetako peñak, ehunka eta ehunka herritar, eta UPN, PSN, EH Bildun dituzten karguengatik ezagunak diren beste hainbat, baita Alicia Echeverria Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria ere, Estrella Lamadrid Emakumearen aurkako Indarkeriaren aurkako Koordinazio Unitateko zuzendariarekin.
Horien guztien aurrean, Ana Carmonak gaztelaniaz eta Amaia Zubietak euskaraz, ohar bat irakurri dute, eta bertan adierazi dutenez sanferminetako 8 egunetan "intentsitate handiko eraso baten" eta "intentsitate baxuko zortzi erasoren" berri izan dute, "baina badakigu askoz gehiago izan direla".
"Emakumeen aurkako sexu-indarkeria jai-guneetan gertatzen dela salatu nahi dugu, baina ez horietan bakarrik, egunero gertatzen zaigun zerbait da, gure etxeetan, gure lanetan, eskoletan, gure koadriletan, gure aisialdi-lekuetan...", deitoratu dute.
Horren aurrean, "emakumeek sanferminez nahi bezala gozatzeko eskubidea" dutela aldarrikatu dute, "indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea" duten bezala. "Zuek gizonok egiten duzuen bezala bizi nahi dugu, beldurrik gabe, gure hitza zalantzan jarri gabe, baldintzatuak izan gabe, aske izan nahi dugu".
Hala, zera esan diete, zehazki, gizonei: "Guk ez dizuegu erasorik egiten, guk ez zaituztegu epaitzen, guk bizitzen uzten dizuegu. Ikas ezazue zuek ere, eta, bestela, gera zaitezte etxean".
Horrez gain, Administrazio Publikoei "baliabide espezializatuak, diziplina anitzekoak eta aurrekontu-zuzkidura nahikoak" eskatu dizkiete, "arreta eskatzen duten emakumeei laguntzeko eta arreta emateko".
Udalaren gaitzespena
Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu du igande honetan, hilaren 11n emakume batek jarritako sexu-eraso baten salaketaren aurrean. Udaleko talde politiko guztiek "erabateko gaitzespena" agertu dute.
Testuan, Batzordeak "erabateko babesa eta elkartasuna" adierazi die emakumeari eta haren inguruari, eta "errespetu osoa" adierazi die "haien eskubideak eta intimitatea babesteko". "Gure koordinazio eta erantzun protokoloa betez, berriro ere berresten dugu gure hirian gertatzen den edozein eraso, indarkeria edo jarrera sexista arbuiatzen eta gaitzesten dugula, eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu sexu-erasoak desagerrarazteko, segurtasuna hobetzeko eta edozien motatako inguruneetan emakumeen askatasun osoa bermatzeko", gaineratu du.
Udal taldeek gizarteari eskatu diote alda dezala "erasotzailea babesten duen eta emakumeak erruduntzat jotzen dituen eredu kulturala", eta gizonei eskatzen diete "konpromiso aktiboa har dezatela emakumeek jasaten dituzten eraso eta indarkeria mota guztiekin amaitzeko eta gure gizartean benetako berdintasuna lortzeko lan egiteko".
Gainera, "indarkeria eta eraso sexisten aurrean aktiboki jokatzeko" deia egin diete herritarrei, eta "emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko duten eskubidea" azpimarratu dute. "Eraso sexisten aurkako borrokarekin dugun konpromiso irmoa berresten dugu, eta emakumeentzako hiri aske baten alde egiten dugu, askatasunean bizi ahal izateko", dio testuak.
Azkenik, bat egiten dute "Iruñean egiten diren komunikatuekin eta deialdiekin", eta mugimendu feministak deitzen dituen protesta ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen dituzte Iruñeko herritarrak nahiz egunotan bertan diren guztiak.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Elkarretaratzea deitu dute Cintruenigon, familiak eskola-jazarpenarekin lotu duen neska baten heriotza salatzeko
Neskaren hileta-elizkizunean irakurritako gutun batean, familiak salatu zuen bullyingak hil duela adin txikiko neska.
Sestaon beste agente batzuek bi pertsonari ustez eraso egin ondoren esku hartu zuten ertzainek ez zituzten kamerak aktibatu
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak nabarmendu du gailua aktibatu gabe eramateak araudia ez betetzea ekarriko lukeela.
Bi zalegoek indarrak eman dizkiete euren taldeei Sevillarako txartela berenganatzeko
Gaurkoa derby bat baino zerbait gehiago da, jokoan baitago Kopako finalerako txartela. Bi taldeetako zalegoak horren jakitun dira, eta harrera beroa egin diete jokalariei estadiora iritsi direnean.
Barakaldok eta Balmasedak doluminak agertu dituzte Santanderen hil diren hiru gazte bizkaitarrengatik
Astearte honetan izandako istripu batean hil ziren, Santanderreko El Bocal kostaldeko pasabidea kolapsatuta. Gainera, Arabako beste neska bat ospitaleratuta dago. Guztira, bost pertsona hil ziren istripuan, eta beste neska bat desagertuta dago.
Eusko Jaurlaritzak laguntza eskaini die Santanderren hildakoen familiei
Istripua "oso krudela" izan dela esan du lehendakariak. Ertzaintzak hiru euskal gazteen heriotzaren berri eman die familiei: Barakaldoko 19 urteko bi neska eta Balmasedako 21 urteko mutil bat.
Osakidetzak giza papilomaren birusaren baheketa hasiko du, 30 urtetik gorako emakumeentzako
Etxera bidalitako gutun baten bidez helaraziko zaie emakumeei, lagina norberak etxean har dezan. Proiektu pilotua Donostialdean eta Tolosaldean hasiko da, eta, ondoren, Gipuzkoa osora zabalduko da, baita Araba eta Bizkaira ere.
Biktimak Herasko La Granja ikastetxeko ikasleak ziren, nekazaritza eta ingurumen prestakuntzan erreferentziazko zentrokoak
Tragediaren biktimek abeltzaintzako eta animalien osasun-laguntzako goi-mailako teknikaritzako zikloan parte hartzen zuten. Zentro horrek ikasleak prestatzen ditu abeltzaintzako ustiategiak kudeatzeko eta albaitari-taldeekin lankidetzan aritzeko.
Zer dakigu, eta zer ez, Santanderreko istripuaz?
Astearte arratsaldean Bocal Santanderko kostaldeko pasabidean izandako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari dira. Pasabideetako bat behera etorri zen eta bost pertsona hil ziren, tartean, hiru euskal herritar.
Elvillarko (Araba) neska bat zainketa intentsiboetako unitatean dago, Santanderreko istripuaren ondorioz
Gaztea, Elvillarkoa, larri dago Valdecillako Markes Unibertsitate Ospitalean.
Barakaldoko bi gazte eta Balmasedako bat, Santanderreko istripuan hildakoen artean
Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, bost hildakoak Barakaldoko (Bizkaia) 19 urteko bi neska, Balmasedako (Bizkaia) 21 urteko mutil bat, Igollo de Camargoko (Kantabria) 22 urteko beste gazte bat eta Almeriako (20 urte) beste bat dira. Atzotik ospitalean dagoen neska, berriz, Elvillarkoa (Araba) da eta 19 urte ditu.