Euskal Encounterrek bost mila parte-hartzailerekin itxi du 33. edizioa
Ekitaldiak 4.000 ordenagailu izan ditu konektatuta, BEC! teknologiaz bete dituen lau egun hauetan zehar 200 jarduera baino gehiago bideratzeko.
Igande honetan amaituko da Euskal Encounter ekitaldiaren 33. edizioa, Espainiako Estatuko teknologia zaletuen ekitaldirik handiena. Iaz bezala, 5.000 parte-hartzaile izan dira Bilbao Exhibition Centren (BEC) egindako aurtengo edizioan.
Euskal Encounterrek 4.000 ordenagailu izan ditu konektatuta lau egunotan, eta 200 jarduera baino gehiago egin dira.
Horiekin batera, milaka lagun gerturatu dira publiko irekirako guneetara. Bertan, 3D inprimaketa eta bideojokoez gozatzeko parada izan dute. Orotara, beraz, 10.000 bat pertsona izan dira aurten.
Ekitaldia arratsaldeko 17:00etan itxiko da ofizialki.
Amaierarekin batera, antolatzaileek hurrengo urteko daten berri eman dute: uztailaren 23tik 26ra arte.