Getxoko alkateak salatu du herriko jaietan Poliziaren lana oztopatu izana, eta errespetua eskatu du
EITBk jakin duenez, Udaltzaingoak dei bat jaso zuen, pertsona batek adingabe bati ukituak egin zizkiola salatzeko. Gazte talde batek ustezko erasotzailea identifikatzea eragotzi zuen.
Amaia Agirre Getxoko alkateak salatu du hainbat pertsonak galarazi egin diotela Getxoko Udaltzaingoari San Inazio jaietan behar bezala lan egitea. Agirrek nabarmendu du oraingoz ez dagoela sexu-erasoengatik salaketarik jarri izanaren berririk, baina azpimarratu du agenteek ezin izan dutela haien lana egin.
EITBk jakin ahal izan duenez, Udaltzaingoak dei bat jaso zuen joan den uztailaren 29an, pertsona batek adingabe bati ukituak egin berri zizkiola salatzeko. Gazte talde batek ustezko erasotzailea identifikatzea eragotzi zuen.
Ildo horretatik, herritarren segurtasuna zaintzen duten udaltzainen eginkizun horiek ez oztopatzeko eskatu dio Agirrek gizarteari, eta "getxotarrek gozatu ahal izango dituzten jai alai eta baketsuen aldeko aldarria" egin du.
Getxoko Udalak ohar bat argitaratu du gertakarion aurrean. Bertan, "erabateko babesa eta aintzatespena" adierazten dio Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lanari, haien lanak "egunero bermatzen baitu gu guztion segurtasuna, askatasuna eta bizikidetza ".
"Ez dago indarkeriazko ekintzarik, ezta legea betetzea oztopatzeko ahaleginik ere, babesa aurkitu dezakeenik gurea bezalako gizarte demokratiko eta plural batean", azpimarratzen du Udalaren oharrak.
Halaber, Getxoko Udalak gogorarazten du beti gaitzetsi izan duela "irmotasun osoz" edozein eraso, eta bereziki pertsonen sexu-askatasunaren aurkako erasoak.
Ildo horretatik, herritarrei dei egin die "jaiak alaitasunez, errespetuz eta lasaitasunez gozatzeko. Jaiak elkartzeko, partekatzeko eta gozatzeko unea dira. Ez diezaiogun utzi gutxi batzuei guztiona dena lausotzen".
Zure interesekoa izan daiteke
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak