EAEk 2.355 biztanle irabazi ditu bigarren hiruhilekoan, atzerritarren etorrerari esker
Jatorriari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren atzerritar gehienak Kolonbian (1.400), Marokon (830) eta Venezuelan (760) jaiotakoak dira.
Biztanleria-kopuruak gorako bideari jarraitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan, migrazioari esker: 2025 honetako bigarren seihilekoan 2.355 herritar gehiago bizi dira EAEn, aurreko hiruhilekoan baino % 0,11 gehiago. Orotara, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.244.582 biztanle bizi dira.
Espainiako Estatistika Institutuak gaur argitaratu dituen datuen arabera, EAEko biztanleria osotik, 1.917.306 herritar Espainiako Estatuan jaiotakoak dira, urteko lehen hiru hilabeteetan baino 2.107 gutxiago. Atzerrian jaiotakoak, berriz, 327.276 dira, 4.462 gehiago.
Datuokin, Euskadiko egungo biztanleen % 14,5 dira atzerrian jaiotakoa; duela hiru hilabete % 14,3 ziren.
Lurraldeka, Araban bizi da atzerritarren portzentaje handiena, % 16,8; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, % 14,2 eta % 14 dira atzerrian jaiotakoak, hurrenez hurren.
Uztaileko datuak aintzat hartuta, Araban erroldatutako 342.621 herritarretatik 57.796 dira migratzaileak; Bizkaian bizi diren 1.169.072etatik 166.298 dira atzerrian jaiotakoak, eta Gipuzkoan bizi diren 732.889tik, 103.782.
Jatorriari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren atzerritar gehienak Kolonbian (1.400), Marokon (830) eta Venezuelan (760) jaiotakoak dira.
953.307 familia
Bestalde, gaur publikatutako txostenean familien ezaugarriei buruzko datuak ere badaude. Batez beste, 2,33 bizikide dituzte EAEko familiek. Iazko datua 2,34koa zen.
Egun, 953.307 familia daude erregistratuta EAEn, duela urtebete baino 7.701 gehiago. Bizikide bakarreko (300.150) eta bi bizikideko (295.413) sendien kopurua hazi egin da, eta, aldiz, hiru (173.951) eta lau bizikide edo gehiagoko (183.793) familien kopurua, jaitsi.
Espainiako Estatuko datuei dagokienez ere, atzerritarrei esker hazi egin da biztanleria: 49.315.949 herritar bizi dira bertan, inoizko kopururik handiena. Aurreko hiruhilekoko datuekin alderatuta, 119.811 pertsona gehiago dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Aita Mennik 1., 2. eta 3. solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Migratzaileen aurkako tentsioak gora egin du Ceutan, Negu Gorriaken aurkako protesta batean