SUTEAK ESPAINIAN

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Espainian kiskaltzen ari diren suteen ondorioz milaka lagun etxetik aterarazi dituzte

Egoera kezkagarria da Espainiako Estatuan, sute asko baitaude piztuta. Azken orduetan 7.000 lagun baino gehiagok gaua etxetik kanpo pasa dute eta bi pertsona hil dira suteen ondorioz, bat Madrilen eta bestea Leonen.

18:00 - 20:00

Hainbat sutek bizi-bizi jarraitzen dute Espainian

Egoera kezkagarria bizi dute azken egun eta orduetan Espainiar Estatuan. Gutxienez bost sute handik bizi-bizi jarraitzen dute, eta milaka hektarea erre dituzte dagoeneko. Azken datuen arabera, 7.000 pertsonak baino gehiagok gaua etxetik kanpo igaro behar izan dute.

Galizian, Ourensen, oraindik kontrolatu gabe dagoen suteak dagoeneko 8.000 hektarea kiskali ditu. Hala, asteazken honetan UMEko kideak sartu dira eta herrigune batzuk hustu eta beste batzuk konfinatu behar izan dituzte. Landa Inguruneko Kontseilaritzaren arabera, orotara 1.000 hektarea erre dira uda honetan Galizian.

Gaztela eta Leonen ere garrek ez dute etenik, eta zortzi sute larri gutxienez piztuta jarraitzen dute Leonen, Zamoran eta Palentzian. Ehunka lur kiskali ditu suak eta milaka bizilagun etxetik aterarazi eta dozenaka errepide itxi dituzte azken orduetan.

Zamoran ostiralean Molezuelas de la Carballedako sortu zen baso-sutearen ondorioz 23 herritako 4.300 pertsona ebakuatu behar izan dituzte azken ordueta, eta garrak Leonera iritsi dira, eta, bart suhiltzaile boluntario bat hil da sua itzaltzeko lanetan ari zela.

Gaztela-Mantxan hainbat sutek piztuta jarraitzen dute, baina asteazken honetako lehen orduan Toledoko hainbat udalerritan etxetik kanpo gaua pasa duten bizilagunek etxera itzuli ahal izan dute.

Jarillan, Caceresen, 250 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte baso-sute baten ondorioz piztutako sutea tarteko, eta Asturiasko egoera ere zaildu egin da, goizaldean baso-suteen operatiboa bigarren mailara igo baitute, sute ugari piztuta daudelako udalerri askoren inguruan, eta UMEren esku-hartzea ere eskatu dute. Kezkagarriena Cangas de Narcean dago, bertan hiru su baitaude bizi-bizi. 

Agintariek egonkortu egin dute bart Tarifako sutea, eta gaur goizean agintariek baieztatu dute Jabugokoa (Huelva) egonkortu egin dela eta etxetik atera dituzten 240 pertsonak etxera itzuli ahal izan direla.

14 sute garrantzitsu daude piztuta une honetan Espainia osoan, eta sute hauek nola piztu diren ikertzen ari dira, Espainiako Gobernuak susmoa baitu asko nahita piztutako suteak direla.  

Gizarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu