Pasealeku Berriko igeriketa zeharkaldian parte hartzen ari zen gizon bat hil da
Igerilariak geldialdi kardiobaskularra izan du uretan, eta Kontxako hondartzara eraman dute. Larrialdi zerbitzuko kideak gizona suspertzen saiatu dira, baina ez dute lortu haren bizia salbatzea.
Donostiako Pasealeku Berriko zeharkaldia. Argazkia: EITB Media
50 urteko gizon bat hil da ostiral honetan Donostian, Pasealeku Berriko igeriketa zeharkaldian parte hartzen ari zela. Aste Nagusiko kirol proba arrakastatsuenetariko bat da.
Igerilariak geldialdi kardiobaskularra izan du uretan, eta Kontxako hondartzara eraman dute. Larrialdi zerbitzuko kideak hura suspertzen saiatu dira, baina ez dute lortu haren bizia salbatzea.
EITBk jakin duenez, lasterketaren azken zatian gertatu da zorigaitza, 12:30 aldera, Aquarium parean. Parte-hartzailea ondoezik zegoela ikusi dute, eta harengana jo dute ziztu bizian.
Fortuna Kirol Elkarteak doluminak helarazi dizkie parte-hartzailearen senide eta ingurukoei. "Biziki hunkitzen gaitu galera mingarri horrek, eta bat egiten dugu haren familiaren, lagunen eta kideen minarekin", adierazi du elkarteak ohar baten bidez.
Gertatutakoa ikusita, bertan behera utzi dute probako sarien banaketa.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda