Ur-murrizketa gehiago Ipar Euskal Herrian, lehorteagatik: ureztatzea, arrantzatzea eta ibilgailuak garbitzea debekatu egin dute
Egoera bereziki kezkagarria da Zuberoa zeharkatzen duen Ühaitza ibaian. Izan ere, emaria nabarmen txikiagoa da: uztailean segundoko lau metro kubikokoa zen, eta abuztuan horren erdira jaitsi da.
Aturri ibaia, 2015ean egindako argazki batean. Artxiboko argazkia: Mikel Otxoa
Ipar Euskal Herriari eragiten dion lehorteak okerrera egiten jarraitzen du, eta horrekin batera, agintariek uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak areagotu dituzte. Zehazki, Pirinio Atlantikoetako prefekturak murrizketa gehiago ezarriko dituela iragarri du, eta duela egun batzuk ezarritakoak aragotu. Hala, epe batez mugatutako ekintzen artean daude lorategi publikoak, kirol lurrak eta golf zelaiak ureztatzea, baita ibilgailuak garbitzea eta igerilekuak betetzea ere.
Egoera bereziki kezkagarria da Zuberoa zeharkatzen duen Ühaitza ibaian. Izan ere, emaria nabarmen txikiagoa da: uztailean segundoko lau metro kubikokoa zen, eta abuztuan horren erdira jaitsi da.
Gauzak horrela, agintariek krisi egoera ezarri dute, eta horrek esan nahi du erabat debekatuta dagoela ura ateratzea, oso salbuespen mugatuekin. Astean bitan bakarrik ureztatu daitezke fruta arbolak, artoa, tabakoa eta kiwiak. Gainera, debekatu egin da ibai horretan zein horren ibaiadar guztietan arrantzatzea.
Nafarroa Beherean, Iholdiko erreka ere egoera nahiko kezkagarrian dago uztailetik. Bien bitartean, eskualdeko beste ibai batzuk, hala nola Aturri, Errobi eta Urdazuri, alertan daude; horrek murrizketa partzialak dakartza.
Gune horietan, debekatuta dago goizetan lorategiak, kirol-zelaiak eta golf-zelaiak ureztatzea, baita ibilgailuak garbitzea ere. Testuinguru horretan, etxean ura arduraz erabiltzeko deia egin diete agintariek herritarrei. Neurriokin, ur baliabideak babestu nahi dituzte agintariek.