Herbehereetako Caffero pirotekniak irabazi du Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXXIII. Lehiaketa
Lehiaketa honek Publikoaren Saria ere ematen du, baina irailean emango dute ezagutzera.
Epaimahaiaren esanetan, Caffero pirotekniak irabazi du Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXXIII. Lehiaketa.
Herbehereetako piroteknia etxe horrek Aste Nagusiko lehen gauean eskaini zuen ikuskizuna, abuztuaren 16an, iragan larunbatean. Bilboko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, ikuskin "liluragarria" eskainita gailendu zaie Brasil, Alemania, Kanada, Galizia, Frantzia eta Italiatik iritsitako gainerako sei parte-hartzaileei.
Hiriko kultura-, gizarte-, merkataritza- eta jai-arloko profesionalek osatutako epaimahaiak hainbat arlo baloratu ditu, hala nola aire-espazioaren okupazioa, efektuen originaltasuna, ikuskizunaren erritmoa eta jarraitutasuna, barietate kromatikoa eta argitasuna, formen diseinua, ingurunearekiko integrazioa eta publikoaren harrera.
Saria igandean emango dute, abuztuaren 24an, 12:00etan, La Bilbainan, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotzia eta lehiaketako epaimahaiaren ordezkariak buru direla.
Epaimahaiak emandako sariaren gain, lehiaketak Publikoaren Saria ere badu, baina irailean emango dute jakitera. 'Bilbao Aste Nagusia 2025' aplikazioaren bidez zein El Correo egunkarian abuztuaren 16tik 23ra argitaratutako kupoien bidez bozkatu ahal izan dute herritarrek.
Aurten ere, su artifizialak Aste Nagusiko ikuskizun handienetako bat direla baieztatu da, Udalaren esanetan, gauero "milaka pertsona" bildu baitira Bilboko zeruan "argi, kolore eta emozio ikuskizun honetaz gozatzeko".
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda