Suteen bilakaera ona da, baina oraindik ere foku aktiboak daude Gaztela eta Leonen, Galizian eta Asturiasen
Gaueko tenperaturen jaitsierak sua itzaltzeko lanetan lagundu du, baina egoera zaila da oraindik. Larunbat goizean lortu dute Galizian inoiz izan den suterik latzena egonkortzea, Laroucokoa, Ourensen.
Sutea Barniedon (Leon). Argazkia: Europa Press.
Larunbat honetan 16 sutek jarraitzen dute Espainian 2. egoera operatiboan, horietako hamaika Gaztela eta Leonen (Leon, Palentzia, Salamanca eta Zamora), lau Galizian eta bat Asturiasen, Estatuko Koordinazio Batzordeak (CECOD) suteen aurka emandako datuen arabera.
Tenperaturak behera egin du gauean, eta aldeko eguraldiari esker, Leongo suteen bilakaera positiboa izan da gauean, probintziako hainbat tokitan airez eta lurrez ongi lan egin ahal izan dutelako. Horri esker, Guardia Zibilak Fornela haraneko ebakuazioa altxatu du, nahiz eta Faro, Cariseda, Peranzanes, Trascastro, Chano eta Guimara herriak konfinatut dituzten.
Peñalba de Santiagoko bizilagunak euren etxebizitzetara itzuli ahal izan dira, Llamas de Cabrerako sutearen bilakaerak hobera egin ostean. Izan ere, sutearen bilakaerak aktibo jarraitzen du, baina bilakaera "aldekoa eta hedatzeko arriskurik gabekoa" dela uste da.
Fasgarreko sutean, bere aldetik, fokuak aktibo jarraitzen du ta sugarrak Tremor haranerantz doaz. Hala ere, Anllares del Sileko sutea da gaur-gaurkoz kezkagarriena, han aktibo eta kontrolik gabe jarraitzen baitu suak.
Bestalde, Puercaseko (Zamora) baso-sutea dagoeneko kontrolpean dago hasi eta hamabi egunera. Sute honetan lau pertsona larri zauritu dira erredurekin, eta Copernicus satelitearen kalkuluen arabera 6.200 hektareako azalera suntsitu dute sugarrek.
Ebakuatutako eta konfinatutako herritarren egoerari dagokionez, Espainiako Gobernu-ordezkaritzak adierazi du 14 herri ebakuatuta daudela eta 838 bizilagun etxetik atera dituztela eta 235 pertsona konfinatuta daudela hamaika herritan.
Leon, Zamora eta Caceres probintzietako bigarren mailako zazpi errepide itxita daude larunbat honetan, abuztuaren 23an, suteak direla eta.
Bost sutek aktibo jarraitzen dute Galizian
Ourense probintzian sute handiak egonkortzen hasi dira. Oímbrako eta Xinzo de Limiako suak -batean elkartuta- eta Meskitako suak egonkortu egin dira ostiral gauean, baita Chandrexa de Queixa eta Vilariño de Consoko sutearen hiru fokuetako bi ere. Azken horrek, aktibo jarraitzen duen arren, "hobera egin du".
Halaber, 2. egoera indargabetu dute Vilaboan, sua Vilarreko herrigunetik gertu zegoelako aktibatu zena.
Ourensen, larunbat eguerdi aldera lortu dute Laroucoko sua egonkortzea, Galiziako historiako suterik handiena izaten jarraitzen du; eta aktibo jarraitzen du Carballeda de Valdeorrasko (Zamoratik Galiziara sartu ondoren 3.000 hektarea ingururi eragiten die) suteak.
Chandrexa de Queixa eta Vilariño de Consoko suteak ere aktibo jarraitzen du, baita Mormenteloskoak ere.
Landa Inguruneko Kontseilaritzaren azken eguneratzearen arabera, bost sute aktibo daude Galizian, guztira 52.110 hektareari eragiten dietenak. Oraindik itzali gabe dauden su guztiak kontuan hartuta, 88.810 hektarea dira Galizian kaltetutakoak.
Bost sute Asturiasen
Asturiasko Printzerriko Larrialdi Zerbitzuaren (SEPA) azken balantzearen arabera, larunbat goizean 5 baso-sute daude lurraldean. Horietatik hiru aktibo daude eta bi egonkortuta.
Hiru sute aktiboak Degañakoa, Genestosokoa (Cangas del Narcea) eta Somiedokoa (Caunedo/Gua/Perlunes) dira.
Egonkortutako suteak Uña/Arcenorio eta Cabralesekoak dira.