Herri gehiago ebakuatu dituzte Gaztela eta Leonen eta Asturiasen; Galizian, berriz, hobera egin du egoerak
Udako sute-bolada hasi zenetik, 34.000 pertsona inguru atera dituzte etxetik, eta piztutako 268 suteek 413.992 hektarea kiskali dituzte. Gainera, 48 pertsona atxilotu dituzte, suteak piztu dituztelakoan.
Ourenseko baso-sute bat. Argazkia: EFE
Baso-suteen egoerak kezka handia sortzen jarraitzen du asteazken honetan, batez ere Gaztela eta Leonen, haize-aldaketengatik; izan ere, 23 udalerri ebakuatu dituzte, besteak beste, Anllarinos (Leon). Asturiasen ere hainbat herri alertapean daude, eta Villamayor eta Villarcebollin herrietan prebentziozko ebakuazioak agindu dituzte.
Asteazken honetan, sei sutek eragiten dute kezka gehien Gaztela eta Leonen; izan ere, atzo, asteartea, azken orduan egoerak okerrera egin zuen. Ondorioz, Leongo Anllarinos herria ebakuatu behar izan dute. Zamora eta Leon probintzietako 23 herritako bizilangunak etxetik irtenarazi dituzte, eta beste gau bat igaro dute etxetik kanpo.
Zehazki, Fasgar, Anllares del Sil, La Baña, Garaño, Colinas de Martin Moro (Leon) eta Portoko (Zamora) suteak dira egoera larriena eragin dutenak, haize-aldaketen ondorioz. Gainera, badira beste sute aktibo batzuk, larritasun-maila apalagokoak: Llamas de Cabrera, Barniedo de la Reina, Gestoso (Leon) eta Cardaño de Arriba (Palencia).
Asturiasen, San Antolin de Ibiasen piztutako sutearen ondorioz, Villamayor eta Villarcebollin herriak ebakuatu behar izan dituzte. Era berean, Dou, Andeo, Piñera eta Centenales guneetan borondatezko ebakuazioa egin dute, sugarrak oso azkar zabaltzen ari direlako inguruan.
Galizian ere nabarmen handitu da kiskalitako lurren hektarea kopurua azken orduetan, baina egoerak ez du okerrera egin eta ez da sute gehiagorik piztu. Ourenseko egoerak hobera egin du, eta probintziako baso-sute larrienen bilakaera nabarmen hobetu da; hala ere, egonkortu ez diren bi foku daude. Lugon, berriz, okerrera egin du egoerak, A Fonsagradan su bat piztu da eta. Guztira, 96.000 hektarea inguru erre dira abuztuan Galizian baso-suteetan, eta une honetan lau sutek eragiten dute kezka gehien.
Sute-bolada hasi zenetik, 34.000 pertsona inguru atera dituzte etxetik, eta 268 suteek 413.992 hektarea kiskali dituzte. Gainera, 48 pertsona atxilotu dituzte ekainaren hasieratik, baso-sute horiek piztu dituztelakoan.
Palentzian dimisioak eskatu dituzte, baso-suteen kudeaketagatik
Cervera de Pisuergan (Palentzia), 2.000 pertsona inguruk Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo Juntako presidentearen eta Juan Carlos Suarez-Quiñones Ingurumen sailburuaren dimisioa eskatu dute, suteen kudeaketa dela eta.
Protestan parte hartu dutenek baso-suteen kudeaketa salatu dute, eta prebentzioan inbertsio gehiago eta lan-baldintza hobeak eskatu dituzte baso-suhiltzaileentzat, baita sua itzaltzeko gainerako operatiboa indartzea ere.