AEKk eskolak debalde emango dizkie ikasleen gurasoei
Maila guztietan euskara ikasi nahi duten pertsonentzat doako ikastaroak aldarrikatu dituzte Koordinakundearen arduradunek, ikasturte berrirako matrikulazio kanpainaren aurkezpenean.
AEKko arduradunak, ikasturte berrirako matrikulazio kanpainaren aurkezpenean, Gasteizen. Argazkia: EiTB Media
Ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina abiatu du AEK Koordinakundeak. Aurtengo berrikuntzen artean dago hainbat herritako ikasleen gurasoentzako eskolak debalde emango dituztela.
Horixe iragarri dute AEKren EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko arduradunek astearte honetan Gasteizen egindako matrikulazio kanpainaren aurkezpenean. 'Euskara eroso ikasi eta bizi' da aurtengo leloa.
Doako ikastaroen alde egin dute, maila guztietan euskara ikasi nahi dutenentzat, eta zentzu horretan Eusko Jaurlaritzak emandako urratsak begi onez hartu dituzte. Izan ere, aurretik A1 eta C1 egin zitezkeen musu-truk, eta aurrerantzean A2 ere doakoa izango da, Jaurlaritzak gaur bertan iragarri duenez.
Bestalde, AEKk jakitera eman du, UEMArekin lotutako akordioari esker, hainbat udalerritan ikastaroak debalde emango dituztela, ikasleen gurasoentzat, seme-alabek ikasten duten ikastetxeetan bertan.
Bukatzeko, herritarrak animatu dituzte AEK Koordinakundekoak diren 100 euskaltegitan baino gehiagotan izena eman dezaten, ikasturte berrirako ordutegi, maila eta modulazio eskaintza zabala, eta enpresentzako, elkarteentzako eta udalentzako ikastaroak dituztela argudiatuta.
Zure interesekoa izan daiteke