Emisio Gutxiko Eremua estreinatuko da Gasteizen astelehen honetan, eta TAO sistema sei auzo gehiagotara zabalduko da
Irailaren 15 honetatik aurrera, B, C, Eco eta O eranskailuak dituzten ibilgailuak soilik sartu ahal izango dira Alde Zaharrera eta Zabalgunearen zati batera, salbuespenak salbuespen. Bestalde, hiriburuak zituen 6.000 ordainpeko aparkalekuei beste 5.110 TAO plaza gehituko zaizkie.
Vitoria-Gasteizko Udalak Emisio Gutxiko Eremua (EGE) jarriko du abian astelehen honetatik aurrera, irailak 15, Alde Zaharrean eta Zabalgunearen zati batean. Horrela, lehen fasean, 2027era arte, B, C, Eco eta 0 pegatina duten ibilgailuak soilik ibili ahalko dira (A etiketa dutenak ez beste guztiak). 2027ko irailetik aurrera, berriz, B motako ibilgailuak ere ezingo dira bertan sartu. Egun berean, gainera, martxan izango da berriz ere TAO sistema, udako geldialdiaren ondoren. Sei auzo gehiagota zabalduko da sistema; eta, horrenbestez, ordainpeko 6.000 aparkaleku izatetik ordainpeko 11.110 plaza izatera igaroko da Arabako hiriburua.
Udal gobernua osatzen duten bi alderdien (EAJ eta PSE-EE) babesarekin onartu zen ordenantza berria. EH Bildu eta Elkarrekin alderdiak abstenitu egin ziren eta PPk, aldiz, aurka bozkatu dzuen.
Emisio gutxiko eremuaren lehen fasea astelehen honetan sartuko da indarrean, beraz, eta Alde Zaharrari, erdiguneko hainbat kaleri (San Antonio, Prado, Olagibel eta Errege Atea) eta Zabalgunearen zati bati eragingo dio. Une horretatik eta 2027ko irailera arte, B, C, Eco eta 0 pegatina duten ibilgailuak soilik sartu ahalko dira (A etiketa dutenak ez beste guztiak). Ez da derrigorrezkoa izango etiketa autoan itsatsita eramatea; izan ere, Udalak Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren (DGT) datuak kontsultatu ahalko ditu ibilgailuak araudia betetzen duen ala ez egiaztatzeko.
Dena den, Udalak hamabi salbuespen orokor eta beste lau salbuespen ezarri ditu.
Batetik, araudia betetzetik salbuetsita egongo dira mugitzeko arazoak dituzten pertsonak, gaixoak, ibilgailu historikoak, bereziak eta oinarrizko zerbitzu publikoa eskaintzen dutenak, errenta maila baxua dutenak eta aparkalekua dutenak.
Bestetik, beste lau salbuespen izango dira lehen urtean. Dendaraba merkataritza-guneko aparkalekura joan nahi dutenek, merkatariek, banatzaileek eta gremioek urtebeteko epea izango dute araudia betetzeko.
Lehendabiziko hiru hilabeteetan ez dute isunik ezarriko, abenduaren 15era arte. Hiru hilabeteko egokitzapen aldi horretan abisua bidaliko zaie araudia urratzen dutenei. Hortik aurrera, ordea, emisio gutxiko eremura baimenik gabe sartzen direnek 200 euro ordaindu beharko dituzte.
2027ko irailean, bigarren fasea hastearekin batera, emisio gutxiko eremua zabaldu egingo da, eta kale hauek ere hartuko ditu: Domingo Beltran de Otalora, Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kalea eta Ramiro Maeztu. 2030etik aurrera, B motako ibilgailuak ere ezingo dira sartu.
TAO berria
Astelehen honetatik aurrera, abian izango da berriz ere TAO sistema, abuztuko geldialdiaren ondoren. Gainera, hiriko beste sei auzotara zabalduko da ordainpeko parkingen sistema (Aranbizkarra, Arana, Santa Luzia, San Martin, Lovaina, Aranzabal, Alde Zaharra eta Zabalgunearen zati bat) eta orain arte 6.000 aparkaleku baziren ordainpekoak, hemendik aurrera, 11.110 izango dira.
Plaza kopurua handitzeaz gain, TAOren ordenantza berriak zigor handiagoak, parkimetro berriak eta ordaintzeko txartel mota gehiago ezartzen ditu. Ordenantzaren berrikuntza nagusien artean, 'ticket' fisikoa kentzea dago, nahikoa izango baita matrikula parkimetroan edo 'app' mugikorrean sartzea.
Gremioentzako eta autonomoentzako TAO bereizgarri espezifiko berri bat sartuko da indarrean, hiriko ordainketa eremu guztietan denbora mugarik gabe eta 'ticket' beharrik gabe aparkatzeko aukera ematen duena.
Kontrol-sistema ere modernizatu da, matrikulen irakurketa automatikoarekin, eta zigorrak arinen eta larrien artean bereiztuko dira: Arinak izango dira, 30 eta 60 euro arteko isunekin, 'ticket' a ez izatea, denbora gainditzea edo egoiliarrentzat soilik diren guneetan aparkatzea, eta, bestetik, larriak izango dira, 200 euroko isunekin, datuak faltsutzea eta iraungitako edo manipulatutako bereizgarriak erabiltzea.
Ordenantza berriak abuztuaren 1etik 31ra arte mantentzen du TAOrik gabeko aldia, eta egun horietan ez da zerbitzua aplikatuko. Bestela, urte osoan zehar, TAOa astelehenetik ostiralera egongo da indarrean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara.
15 minutuko doako epea egongo da eta, hortik aurrera, ordu erdiak 1,05 euro eta 1,35 euro artean balioko du, zonaldearen arabera; orduak 1,80 euro eta 2,15 euro, eta 240 minutuko gehienezko epea, 4 euro eta 4,70 euro artean, eremuaren arabera.
Bestalde, egoiliarren TAO txartelak 45,60 euro balioko ditu urtean, eta merkatarienak 284,20 euro. Ibilgailu bakoitzeko egoiliar-txartel bat eskatu ahal izango da.
Koloreen arabera ezberdinduko dira plaza motak: Egoiliarrenak bakarrik diren plazak gorriak eta berdeak izango dira, inguruko egoiliarraren edo merkatariaren txartela dutenek soilik aparka dezakete, eguneko 24 orduetan. Jaiegunetan eta abuztuaren 5etik 31ra bitartean beste ibilgailu batzuk ere bertan aparkatu ahal izango dute.
Egoiliarrenetan, berdeetan, denbora mugarik gabe aparkatu ahal izango dute inguruko txartela duten egoiliarrek eta merkatariek. Urdinetan, berriz, txandakakoetan, edozein gidarik aparkatu ahal izango du, denbora-muga batekin.
Azkenik, errotazio handiko aparkalekuetan (laranjak), aparkatzen duen edonork, egoiliarrak eta merkatariak barne, gehieneko denbora muga murriztaileagoa izango du, eta kasu bakoitzean adieraziko da.
Emisio Gutxiko Eremuak Euskal Herrian
Bilbon, 2024ko ekainaren 15ean jarri zen indarrean EGEa, eta debekatu egin zien A pegatina duten edota etiketarik ez duten ibilgailuei eremuan sartzea. Urtebete geroago, 2025eko ekainean, debekua B etiketa zuten ibilgailuei zabaldu zitzaien.
Donostian, 2024ko abenduaren 14an jarri zen indarrean EGEa. Lehen aplikazio fasean, 2025etik 2027ra bitartean, ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuak ezin dira erdigunera sartu, hau da, A etiketarik ez dutenak. 2028an, debekua B etiketa dutenetara zabalduko da.
Iruñean, Alde Zaharra emisio gutxiko eremu gisa izendatua dago gaur egun, baina eremu horretara sartzeko ez dira kontuan hartzen ingurumen bereizgarriak. Gaur-gaurkoz, egoiliarrak, gremioak eta banatzaileak eta zerbitzuko ibilgailuak baino ezin dira sartu. 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, araudi berri bat jarriko da indarrean, A eranskailua duten edo etiketarik ez duten ibilgailuei eremura sartzea debekatzeko.
Ipar Euskal Herriaren kasuan, Emisio Gutxiko Eremua 2025eko ekainaren 1ean sartu behar zen indarrean Lapurdiko kostaldeko 11 herritan, baina martxoan mugarik gabe atzeratu zen, Frantziako parlamentuak hala erabakita, eta, beraz, ez dago martxan.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat hil da Oiartzungo AP-8ko zerbitzugunean izandako zirkulazio istripu batean
61 urteko gizonak furgonetarekin izan zuen istripua atzo gauean, zerbitzugune baten barruan.
Imsersoren bidaiak gaurtik aurrera egongo dira eskuragarri Hego Euskal Herriko pentsiodunentzat
Nafarrentzat gaur abiatuko da plaza eskuratzeko epea, eta EAEko pentsiodunentzat, asteazkenean. Guztira, ia 900.000 plaza eskainiko dira penintsulako kostaldera eta uharteetara joateko edo bospasei eguneko bidaiatxoak egiteko.
Ospakizuna lehertu da Orion eta Donostian, Kontxako bandera irabazita
Ospakizunetan dira igande osoan Orion, herriko arraunlariek Kontxako Bandera eraman ostean: 34. astindu dute gaur. Herritarren babesa jaso dute beste behin ere arraunlariek. Eguneko beste txapeldunak Arraun lagunakekoak izan dira. Eguerdian hasi dute ospakizuna zaleekin, Kontxako bandera preziatua bosgarrenez irabazi ondoren.
Lurraldebusek Donostiatik Eskuzaitzeta industrialdera eta Zubietara doan linea berria estreinatuko du irailaren 21ean
Linea berriak industrialdeko langileei emango die zerbitzua, baita Zubietako espetxera joaten direnei eta Zubietara joaten diren Realeko zaleei ere.
Giro aparta Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian
Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiak jai giroz bete du Donostia, kolore ugariz. Familiek, gazteek eta beteranoek traineruen emozioa partekatu dute, eta ertzetatik animatu dituzte euren taldeak. Poza bereziki nabaria izan da Arraun Lagunak eta Orio taldeen zaleen artean, euren traineruen garaipena ospatu baitute.
Elon Musk bat dator Anthropic eta OpenAI lehiakideekin, adimen artifiziala moteldu behar dela
Anthropiceko Dario Amodeik adimen artifizialaren (AA) garapena moteltzeko eskatu zuen ostiralean, segurtasun arriskuengatik, eta eskaera horren alde egin dute lehiakideek, OpenAIko Sam Altmanek eta xAIren sortzaile Muskek. OpenAIko eta Anthropiceko liderrek iragarri dute ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetuko dietela, baina Muskek ez du hori argitu.
Ceutako 860 migratzaile baino gehiago aldi baterako instalazio egokitu berri batera eraman dituzte
Jaurlaritzak 4.300 plaza inguru izango ditu aldi baterako, eta datozen egunetan 6.000 plaza baino gehiago izango direla aurreikusi du.
AEBk Kuban ezarritako "setioa" salatu dute Bilbon, Silvio Rodriguezen kontzertuaren aurretik
Manifestariek Kubako eta hainbat herri zapalduren banderak eraman dituzte. "Nazio Batuetan urtero giza eskubideen urraketa masiboa gaitzesten den arren, gobernu gehienak geldi daude", salatu dute. "Argia eta Indarra Kubarentzat. Blokeoaren aurka, Energia Kubarentzat" kanpaina solidarioa babesteko ere balio izan du protestak.
Oihane Mateos Oria, duela gutxi hildako lankide eta laguna, gogoan izan du Dani Alvarezek Gasteizko FesTVal jaialdian
Aste gogorrak izan dira azken hauek Orain eta EITBko Albistegietako lantalde guztiarentzat. Dani Alvarez lankideak Gasteizko FesTVal jaialdian esan duen bezala, "bizitzako injustizia bategatik goizegi joan berri da Oihane Mateos Oria". Bere irribarrea, energia eta lanerako grina beti izango dira gure artean, ordea. Hemen Daniren hitzak gaur iluntzean, sari bat banatu aurretik.
Zarrakazteluko baso sutea eragindakoa ote den ikertzen ari dira
Garrak atzo piztu ziren Corral Nuevo inguruan, eta gaur arratsaldean egonkortu dituzte. Eremuan ez zegoen nekazaririk lanean, eta, hori dela eta, Foruzaingoak susmoa du nahita piztutakoa izan zela.