B ibilgailuak ezingo dira Bilboko emisio gutxiko eremuan sartu astelehen honetatik aurrera
B izendapena duten ibilgailuak ezingo dira Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan (EGE) sartu astelehen honetatik aurrera, A ibilgailuei eta etiketarik gabekoei eragiten zien neurria indarrean sartu eta urtebetera. Epe horretan, airearen neurgailuek "eragile kutsakorren beherakada" atzeman omen dute, eta 3.000 auto gutxiago sartzen dira hiriaren erdigunean.
Azken hamabi hilabete hauetan, EGE barruan ibiltzen ziren B izendapeneko ibilgailuen kopurua % 45 murriztu da, eta kopuru absolutuaren % 34 izatetik % 19 izatera pasatu da.
Nora Abete Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak aurreko ostiralean azaldu zuenez, B ibilgailuak ezingo dira aipatu eremuan sartu astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 20:00etara, salbuespenak salbuespen.
2024ko ekainaren 14a baino lehenago emisio gutxiko eremuan erroldatuta dauden herritarrek B ibilgailuarekin sartzeko aukera izango dute, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak daramatzatenek, ibilgailu klasikoek, larrialdi eta oinarrizko ibilgailuek, eta 50 zk baino gutxiago eta gehienezko abiadura 45 km/h-a duten motorrek bezalaxe.
Era berean, Pio Baroja, Azkuna Zentroa, Euskadi Plaza, Indautxu Plaza, Unamuno Institutua, Zubiarte eta El Corte Ingles aparkalekuetako errotazio aparkalekuen erabiltzaileak ere sartu ahal izango dira.
Epea luzatuko zaie, gainera, ibilgailua alokairuan emanda edo alokatuta duten egoiliarrei, eta rentingean, leasingean edo enpresaren izenean dutenei.
Gainera, Abetek iragarri zuen ibilgailua txatartegira eraman ostean bi urteko epean autorik erosten ez dutenek doako abonua izango dutela bi urterako Bilbobusen eta Bilbaobizin.
Balantzea
Udalak azken urteko datuak eman zituen aurreko ostiralean, eta jakinarazi zuen 2025eko maiatzean neurria indarrean jarri osteko lehenengo hiru hilabeteetan baino 3.000 ibilgailu gutxiago sartu zirela EGEn, 50.819. Hori horrela, % 5eko beherakada izan da.
Maiatzean EGEn sartu ziren ibilgailuen % 6,64k Cero etiketa zuten, % 16,83k Eco, % 50,99k C, % 18,72k B, eta % 3,15ek ez zuten etiketarik. Gainerakoak DGTren erregistrotik kanpo zeuden ibilgailuak izan ziren, atzerritarrak batez ere.
Bestalde, egokitzapen garaian etiketarik gabe sartzen ziren ibilgailuen erdia sartzen da orain EGEn, 3.000tik 1.600era jaitsi da kopurua.
Urteko NO2 metaketa 17,6mg/m3-an geratu da (2023an 20an zegoen), PM10a 13,7an (2023an 15,3an zegoen), eta PM2,5a 8,6an (2023an 9,4an zegoen).
Erripa kaleko 7.eko informazio bulegoan, 94 644 54 12 telefono zenbakian eta bilbao.eus webgunean kontsulta daiteke emisio gutxiko eremuari buruzko informazio guztia.
Zure interesekoa izan daiteke
Aita Mennik 1., 2. eta 3. solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Migratzaileen aurkako tentsioak gora egin du Ceutan, Negu Gorriaken aurkako protesta batean