Olympique Lyonen ehunka ultra espero dira Donostiako kaleetan
Talde frantziarraren 200-300 jarraitzaile ultra etortzea aurresikusten dute, Europa Ligan Realaren aurka jokatuko duten partidara. Guztira, Lyongo 1.000 zale baino gehiago espero dira Gipuzkoako hiriburuan.
Donostiak Olympique Lyonen zaleen eta ultren bisita jasoko du gaur, Realaren aurkako Europa Ligako partida dela eta. Arrisku handikoa izendatu dute neurketa. Aurreikuspenen arabera, 200 eta 300 ultra artean iritsiko dira Gipuzkoako hiriburura; guztira, 1.000 jarraitzaile baino gehiago helduko dira Frantziatik.
Arrisku handiak eraginak izango ditu trafikoan, garraio publikoan eta mugikortasun pertsonalean, "hiri osoan segurtasun dispositibo garrantzitsua" zabalduko baita, Udalak azaldu duenez.
Frantziako taldearen aurreko irteeran, urrian Hoffenheimen etxean jokatu zutenean, ultrek etxerako bidea hartu zuten Frantzia eta Alemania arteko mugan, Alemaniako Poliziak egindako kontrolen ondorioz. Bad Gones ultraeskuineko taldea zihoan autobusei kontrol zorrotzak egin zizkion Poliziak.
OLek 2013an Donostiara egindako bisitan, ultrek istiluak eragin zituzten Alde Zaharrean. Tabernetako aulkiak jaurti zituzten, eta makilekin ibili ziren hirian zehar, Real Madrilekin lotutako Ultra Sur talde ultraeskuindarreko kideekin batera. Gainera, bi taldeetako jarraitzaileen artean istiluak izan ziren estadioaren inguruan.
Segurtasun dispositibo berezia
Udaleko eta segurtasun-operatiboko arduradunek estadiora garaiz eta behar besteko aurrerapenarekin joateko deia egin dute, eta Amara Berriko eta hiriko beste eremu batzuetako bizilagunei dei egin diete ibilbideak aldez aurretik planifikatzeko eta bide alternatiboak erabiltzeko.
Trafikoa
14:00 - 22:00:
- Anoetako Kirol Hirira akreditazioa duten ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira.
16:45 - 19:00:
- Errondo pasealekua (Zorroaga pasealekua eta Toribio Alzagaren arteko biribilgunetik Portutxoko biribilguneraino) erabat itxita geratuko da.
- Begiristain Doktorearen Pasealekua erabat itxiko da ospitaleen ingururaino (igotzeko eta jaisteko norabidea). Ospitalera joan behar duten hiritarrei GI-40 errepidea erabiltzea aholkatu diete.
- Madrilgo hiribidearen eta Isabel II.aren inguruko trafikoa mugatu egingo da.
- Garraio publikoan eragina izango du.
Oinezkoak
16:45 - 19:00:
- Oinezkoak ezin izango dira Toribio Alzaga–Zorroaga pasealekua–Aita Donostia–Anoeta pasealekuaren arteko perimetroan ibili.
- Rafael Ruiz Balerdi haur-parkea ezin izango da erabili.
- Anoetarako sarrera Errondo pasealekutik bakarrik egingo da (Atano III.a)
Donostia
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyon partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak
"Arrisku handiko partida" denez, Donostiako Udalak perimetro bat zehaztu du Amara Berrin, Anoeta estadiotik gertu, eta bertan ibilgailuen zirkulazioa mugatuko da 16:45etik aurrera. Kontsultatu, hemen, aurreikusitako eragozpenak.